Idiazabalgo Herri Krosak 40 urte
Lasterketa beteranoak lau hamarkada beteko ditu, hilaren 26an. Berritasun modura partaide bakoitzak sari bana jasoko du: gazta zati bat eta kamiseta bat. Urritasun funtzionala duten pertsonek ere hartuko dute parte lasterketan
Ostiralean aurkeztu zuten 40. Idiazabalgo herri krosa. Urtarrilaren 26an izango da lasterketa. Aurten berritasun batzuk izango ditu ekitaldiak urteurrena dela eta. Partaide bakoitzak sari bana izango duela jakinarazi dute antolatzaileek: Idiazabal gazta eta kamiseta bana. Zure irrifarra, nire indarra ekimena ere batu da probara.
Bertso batekin hasi zuten aurkezpena ostiralean Idiazabalgo udaletxeko areto nagusian: «Irteera marran jarrita gaude, hasi dadila karrera», zioen azken puntuak. Lasterketaren historiaren garapena azaldu zuten: «80an txispa sortu zitzaigun, herriko jaietan, eta 81eko San Blasetan egin genuen lehena». Azaldu dute ia ezerezetik hasi zirela, orduan ez baitzegoen ia krosik inguruan: «Donostiako maratoia 78an hasi zen, eta hura izan zen abiapuntua».
Egoera asko aldatu da 40 urtetan. Baimenei dagokienez, azaldu dute arazoak izan zituztela hasiera batean: «Plaza parean gurutzatzea justu-justu utzi ziguten». Epaileak beasaindarrak izan ziren hasieran: «25 urte egon ziren epaile lanetan; gazta baten truke hasi ziren etortzen. Orain sailkapenak eta dokumentuak ikusten ditugunean altxorra dirudite». Izan ere, dena eskuz egin behar izaten zuten.
Lasterketako kilometroak ere aldatu dira hasierako lasterketatik; lehenengoak 8,5 kilometro izan zituen, eta 71 pertsonek hartu zuten parte. 1987an kopuruak gora egin zuen nabarmen. Gaur egun 10,245 km. ditu krosak eta 500 korrikalari inguru gerturatzen dira Idiazabalera. Inoiz korrikalari ospetsuen bila aritu ez diren arren, munduko korrikalari onenak ere korritu izan dute Idiazabalen: «Kamel Ziani, Izaro Rubio, Elena Calvillo, Asier Cuevas, Martin Fiz…korrikalari asko pasa dira guretik», azaldu dute.
Aurten, urteurrena dela eta, berezitasun bat izango du probak: «40. urteurrenagatik korrikalari guztiei opari bat ematea erabaki dugu: gazta zati bat eta oroitzapeneko kamiseta bat izango du bakoitzak». Hori posible egiteko, 6 eurotik 9 eurora igo dute izen ematea.
Zure irrifarra, nire indarra
Opariez gain, badago berritasun bat lasterketan: urritasun funtzionala duten pertsonek parte hartzeko aukera izango dute. Jakes Lopez izan da Zure irrifarra, nire indarra ekimenaren bultzatzailea: «Dibertsitate funtzionala dutenei kirola egiteko aukera ematea da proiektuaren xedea, eta kirola ere egin dezaketela jakinaraztea». Aurreko urtean atera zen semearekin korrika lehenengo aldiz Idiazabalen bertan, eta aurten antolakuntzarekin jarri da harremanetan: «Aurten 14 partaide aterako dira, haurrak denak bat izan ezik», agertu du. Lopezek azaldu du bolondresak behar dituztela aulkiak eramateko. Izen ematea urtarrilaren 24a baino lehen egin daiteke rockthesport.com webgunean.