Renfek kontakturik gabeko txartela jarri du martxan aldiriko trenetan
Euskarri berria, atzotik eskuragarri dago leihatila duten Renfeko geltokietan. Paperezkoa ordezkatuko du. Behin eta berriz karga daiteke eta trenetarako sarrerak eta irteerak erraztuko ditu
Renfek atzotik martxan du Gipuzkoako aldirietako trenen zerbitzuan kontakturik gabeko txartela. Euskarri berria, behin eta berriz karga daiteke eta trenetarako sarrerak eta irteerak erraztuko ditu. Renfe & tu izeneko txartel horrek banda magnetikoa duten paperezko tiketak ordezkatuko ditu pixkanaka-pixkanaka, Renfek jakinarazi duenez.
Bi motatako txartela erosi ahalko da: pertsonalizatua eta pertsonalizatu gabea. Lehena eskuratzeko, 2 euro ordaindu beharko dira; bestea, berriz, 50 zentimoan erosi ahalko da. Ez batak ez besteak ez dute iraungitze datarik, eta edozein leihatila edo makinatan karga daitezke.
Pertsonalizatua plastikozko txartel bat da: izena eta titularraren argazkia izango ditu eta Donostiako aldirietako trenetan eskuragarri dauden edozein bidaia txartel erosteko aukera emango du: joanekoak, joan-etorrikoak, hilabetekoak eta mugagabeak.
Gainera, deskontu bereziak jasotzen dituzten pertsonek familia ugariko kideek eta Urrezko Txartela dutenek kasu inolako dokumenturik aurkeztu gabe jasoko dituzte beherapenak, kargatzerakoan txartelak automatikoki identifikatuko dituelako onuradun bakoitzaren deskontuak.
Pertsonalizatu gabeko txartelak, berriz, bidaia bakarreko edo joan-etorriko txartelak erosteko aukera besterik ez du emango.
Euskarri berriak bultzatzeko, doako bi bidaia eskuratuko ditu pertsonalizatutako txartela eskuratzen duten erabiltzaileek.
Txartelak tren geltokietako leihatiletan edo Renferen webgunean dagoen inprimakia bete, eta langileak dauden edozein geltokitan emanez eskura daitezke.