Legazpiko binakako pilota txapelketarako izen-ematea zabaldu dute
Aurten 14. edizioa beteko duen herriko pilota txapelketa handirako izena eman dezakete Legazpiko bikoteek otsailaren 9ra arte. Finala maiatzaren 1ean jokatuko da, Santikutz jaien barruan.
Ireki dute Legazpin binakako pilota txapelketa herrikoirako izena emateko epea. Partaideek otsailaren 9ra arte eman ahal izango dute izena Oilarra, Karibe Zaharra, Giroa, Urbeltz eta Kukue tabernetan eta Hizkuntza liburu dendan, bikoteko 20 euro ordainduta. Hamalaugarren edizioa da aurtengoa, eta aurrekoetan bezala, gutxienez 16 urte izan beharko dituzte pilotariek, eta Legazpin jaiotakoak, hazitakoak edo bizi direnak izan beharko dute. Otsailaren 11n egingo duten taldeen zozketa, kultur etxean 19:00etan egingo duten bileran.
Ligaxka moduan jokatu da txapelketa, eta finala maiatzaren 1ean jokatuko da Urbeltz pilotalekuan, Santikutz jaien barruan. Irabazleek txapela, garaikurra eta profesional mailako partidarako bi sarrera jaso dituzte; bigarrenek, garaikurra eta partidarako beste bi sarrera; hirugarrenek garaikurra; eta laugarrenek oroigarria.
Iazko txapelketa Aztiri-Lakiola (Aritz Agirre-Luis Ibarguren) bikoteak irabazi zuen, Ibar-Potolo (Iker Ibarguren-Aitor Gordo) bikoa 23-13ko emaitzarekin gailenduta ondoren. Hirugarrenak Moxkorri bikoteko Ion Agirre eta Eneko Solana eta laugarrenak Txus-Latigo (Jesus Mari Gil-Roberto Garcia) izan ziren.