«Haurra ez da gaiztoa jotzen badu, ezta gizajoa ere jotzen dutenean»
Itxaropen Haurreskolak antolatuta, haurren arteko gatazka txikiei buruzko hitzaldia egingo du bihar Nerea Mendizabakek, 'Nire haurrak jotzen du, nire haurra jotzen dute' izenburuarekin.
Zein da hitzaldiaren muina?
Guraso bezala oso gogorra egiten zaigu gure haurra jotzen ari direla ikustea, batez ere behin eta berriz gertatzen denean, baina oso gogorra da baita ere gure seme-alabek beste batzuk jo egiten dituztela ikustea, min egiten dutela. Hitzaldian bi alderdiak landuko ditut, eta haur horiei zer gertatzen zaien eta nola lagundu azaltzen saiatuko naiz. Bi kasuetako gurasoei euren haurren jokabidea ulertzeko baliabideak ematea da helburua.
Zergatik jotzen dute haurrek?
Bi parteak jotzen dutenak eta joak direnak gertatzen ari zaien zerbait ari dira adierazten, baina modu torpe edo tragiko batean, eta biek behar dute laguntza beste modu batean jokatzeko. Kontua ez da bakarrik, bat gaiztoa dela eta bestea biktima. Hau guztia Komunikazio ez Bortitzaren ikuspuntua da.
Zer da Komunikazio ez Bortitza?
Beste pertsonekin izaten ditugun gatazkak eta liskarrak ku-deatu eta irtenbidea aurkitzen laguntzen du Komunikazio ez Bortitzak. Besteekin konektatzea edo ulertzea da gakoa, eta hortik abiatuta beste bide bat egin daitekeela ikustea. Haurrekin ere erabili behar dugu.
Gurasoei zuzenduta dago hitzaldia, eta arazoa konpontzeko zein tresna emango diezu?
Gurasoei, eta hezitzaileei ere bai.
Hitzaldian lehenik komunikazio ez bortitzaren ikuspegia azalduko diet, eta gero tresnak emango dizkiet haurrak jotzen duenean edo haurra jotzen dutenean duen jarrera ulertzeko: enpatia, mugak jartzea, gertatzen zaiena adierazteko estrategiak, autoestimua… landuko ditugu.
Gurasoak bereziki kezkatzen al dituen gaia al da?
Haurreskola garaian, hau da, 3 urtera arteko haurren artean oso ohikoa da, ahozko hizkuntza garatu gabe daukatelako. Baina ohikoa izan arren, kezka eragiten du gurasoen artean, bai.
Lasaitu ere egingo dira orduan.
Bai, horretarako ere bada hitzaldia, euren haurra ez delako gaiztoa jotzen badu, ezta gizajoa ere jotzen dutenean. Haurrek dituzten erreakzio horiek normalak dira, helduok ditugunak dira, guk ere gurea defendatzeko besteei mina ematen diegu askotan. Hori ulertu behar dute gurasoek, prozesu bat besterik ez da, eta prozesu horri irtenbidea emateko gurasoak eta hezitzaileak bidelagun izan gaitezke, haurrari estrategiak emateko orduan.
Zer nolako estrategiak ?
Estrategiak ez dira haurrentzako bakarrik, baita gurasoentzako ere, eta estrategia nagusia niretako, haur batek jotzen badu ekintza horren atzean zer dagoen ulertzea da, egoera bakoitza oso desberdina delako. Eskuan jostailua daukala lagunak hori kendu eta horregatik ostikada bat ematen diola, adibidez. Kasu horretan ulertu egin behar da haurrak berak zeukan zerbait kentzea ez zaiola gustatu, eta hori adierazteko ostikada eman diola besteari; horren aurrean muga jarri diezaiokegu haurrari eta esan, adibidez, gustatzen zaigula bere gauzak defenditzea, baina minik egin gabe ere egin daitekeela eta guk hori asko baloratuko dugula, eta nola adierazi dezakeen erakutsi behar diogu. Hau da, ulertzen dugu zergatik egin duen, baina mugak jarri dizkiogu eta estrategiak eman adierazi nahi duen hori beste modu batean adierazteko.
Hain ume txikiek ulertzen al dute?
Ume txikiek hitz egiten dutena baino askoz ere gehiago ulertzen dute; agian ez dute hitzez esaten duguna ulertzen, baina keinuak, begiradak… nahikoa izaten dira. Dena dela, kontua ez da beraiek gu ulertzea, baizik eta guk beraiek egin dutena ulertzeko barruan egin behar dugun ariketa. Guk nola jokatu, haiei adibidea ematen ari gara. Beraiekin konektatu behar dugu.
Hori guztia biharko hitzaldian landuko duzu.
Bai, kultur etxean 18:00etan da. Nire ustez merezi duen gaia da. Haurtzaroaz ari gara, baina bizitza osoan errepikatzen diren egoerak dira. Gaztaroan hor dago bulling-a, heldutasunean tratu txarren gaia dago… Nolabait, prebentzioa egiten ari gara.