Zumarraga pilotaren hiriburu bihurtuko da kluben arteko torneoaren finalekin
Euskal Herriko Kluben arteko VI. Torneo Nazioanalaren finaletako faseak Zumarragako Beloki pilotalekuan jokatuko dira. Sailkatu diren zortzi klublen aurkezpena egin dute Antioko interpretazio zentroan. Torneoaren finala martxoaren 28an jokatuko da eta ETB-k emango du zuzenean.
Euskal Herriko Kluben arteko VI Torneo Nazionaleko final laurdenetarako sailkatu diren pilotarien aurkezpena egin du Pilotabizi elkarteak gaur goizean Zumarragako Antioko interpretazio zentroan. Azaroaren 24an abiatu zen txapelketa 23 kluben partaidetzarekin, eta finalerako bidean da dagoeneko; Zumarragako Beloki pilotalekuan jokatuko dira azken partidak, otsailaren 2tik matxoaren amaierara bitartean. Finala martxoaren 28an jokatuko da, 11:00etan, eta ETB-k emango du zuzenean.
Final laurdenetarako sailkatu diren zortzi klubak Tolosa Aurrera, Paz de Ziganda, Andoaingo Gazteleku, Lemoa, Hernani, Ultzamako Buruzgain, Oberena eta Irurtzun dira. Azken lauak zuzenean sartu dira fase honetan, aurreko edizioko sailkapenengatik. Guztira 32 pilotari ariko dira Zumarragan jokatuko den fasean, eta zazpi jardunaldi izango dira.
Pilotaren hiriburu
Aurkezpen ekitaldian Serrano alkateak torneo hau Zumarragara iritsi izana gogoratzen duen zilarrezko domina bana eman die zortzi klubetako ordezkariei, eta ondoren pilotariei torneoko elastiko ofizialak banatu dizkiete, gorriak eta urdinak.
Serrano alkateak Zumarragak eta pilotak harreman luzea dutela gogoratu du, baina oraingoan “pilotaren hiriburu” bihurtuko dutela esan die finaleko fase honetan parte hartuko duten pilotariei. Herrira “kalitatezko pilota” ekarriko dutela ziurtzat jo du, eta torneoaren finalak bertan jokatzea “ohorea” dela erantsi du.
Txapelketako teknikari Iñigo Vianak hartu du hitza ondoren, Zumarragan jokatuko diren partiden berri emateko, eta finala martxoaren 28an izango dela aurreratu du; 11:00etan jokatuko da, eta ETB-k partida zuzenean emango du. Final horretara eta gainerako partidetara joateko eskatu die, baita ere, jarraitzaile eta pilotazaleei, Beloki pilotalekua bete dezaten. Publikoa erakartzeko bidai agentzia baten bitartez egingo duten zozketa ere aipatu du; kirolzale.eus atarian sartuta parte hartu behar da. Partida guztiak streeming bidez 20bat webguneetan zuzenean emango dituztela ere azaldu du.
Aurkezpena amaitzeko, taldeko argazkia atera dute Antioko baselizaren sarrerako eskaileratan, eta Serranok gidatuta eliza bisitatu dute amaitzeko.