Laugarren postuan finkatuta, bi asteko atsedena
Ampo Ordiziak 15-24 irabazi dio Hernaniri Landaren, eta laugarren postuan sendo jarraitzen du VRAC Quesos Entrepinares liderrarengandik 5 puntura. Orain bi asteko atsedena dute, eta otsailaren 16an El Salvador hartuko du etxean
Ampo Ordiziak ez du hutsik egin jardunaldi honetan ere. Larunbatean jokatu zuten Hernanik eta Ampo Ordiziak Espainiako Ohorezko Mailan dauden bi talde gipuzkoarren arteko derbia, eta puntuak Altamirara ekartzea lortu zuen (15-24). Hasieratik nagusitu da Goierriko taldea, partida kontrolpean izan du, nahiz eta azken 10 minutuetan bi jokalari gutxiagorekin aritu behar izan duenez aurkariak gora etorri. Aitor Olasagastik, Facundo Poncettak (2) eta Asier Kortak lortu dituzte entseguak, eta hankarekin bi tranformazio lortu ditu Lander Mujikak.
Hamalau partida jokatuta, Ampo Ordiziak laugarren postuan jarraitzen du 49 punturekin, VRAC Quesos Entrepinares taldearengatik bost puntura. Tartean daude El Salvador (53) eta Lexux Alcobendas (52). Santboianak galdu egin du asteburuan, eta horrek lasaitasuna ere ematen dio Ordiziako taldeari. Bosgarren doaz kataluniarrak, 38 punturekin.
El Salvador otsailaren 16an
Orain bi jardunaldiko etena dator Espainiako Ohorezko Mailan, eta hurrengo jardunaldia otsailaren 15 eta 16ko asteburuan jokatuko da. Ampo Ordiziak El Salvador bigarren sailkatua hartuko du Altamiran, eta irabaziz gero, Valladolideko taldeari sailkapenean aurre hartzeko moduan legoke.