Aizkora eta harri-jasotze erakustaldia Idiazabalen
San Blas jaietako egitarauan, herri kirolak izan dira nagusi igande goizean.
Eguerdiko 12:00etan gerturatu dira Igarondo pilotalekura herritarrak kirolariek eskaini duten ikuskizunaz gozatzera.
Euskal Herriko txoko ezberdinetakoak izan dira protagonistak. Aizkolarien artean, Maika Ariztegi, Irati Astondoa, Eloy Corchero, Unai Otaegi, Xabier Dorronsoro eta Aitor Urteaga bertaratu dira. Harri-jasotze lanetan berriz, Imanol Illarramendi (Kortaberri) aritu da.
Imanol Illarramendik egindako lehen saioarekin eman diote hasiera erakustaldiari: 100 kiloko zilindro harriarekin 18 igoaldi egin ditu 2 minututan. Pisu berdineko harri kubikoarekin, ordea, 12 altxaldi egin ditu bi minuturen barruan.
Jarraian, Ariztegi eta Astondoa aritu dira norgehiagokan. Irati Astondoa bizkaitarra gailendu da. Hiru egurreko lehian ere Irati Astondoa izan da azkarrena, 11 minutu eta 27 segundotan ebakiz hiru enborrak.
Gizonezkoen artean, Eloy Corcherok eta Unai Otaegik goierritarrak baina azkarrago moztu dute enborra lehenengo saioan. Bigarren erakustaldi luzean ere, araiarra eta zizurkildarra izan dira irabazle, 22 minutu eta 40 segundotan amaituz. Minutu eta 4 segundoko aldea atera diote bikote goierritarrari.
Agurra eskaintzeko, Kortaberrik zortzi arrobako bolarekin pilotaleku guztia zeharkatu du.