Madrilen euskara zaletu zen idazlea
Azaroan eman zituen azken elkarrizketak Pio Berasategi Berasategi idazleak (Zegama, 1935 Donostia, 2020). Bizialdiaz idatzitako kontakizunak liburuetan argitaratzeko asmoa zeukan. Haiek atera aurretik, baina lanak ondo bideratuta, herenegun hil zen, 85 urterekin. Hileta atzo egin zioten, Zegamako elizan.
Euskal idazle emankorra izan da Berasategi. 1982an hasi zen argitaratzen: Hiltamuzko lantuak narrazioa eta Herbesteratua nobela, biak Hordagorekin. Hamabost istorio Aizkorpeko (1984, Elkar), Zaharrak berri (1985, Elkar) eta Samur eta gordin (1987, Elkar) etorri ziren gero.
Erbesteratua sentitzen zen, neurri batean. 17 urterekin joan zen Madrilera bizitzera, Zegaman «itota» sentitzen baitzen. «Ez nituen nik nahi nituen elementuak bistara», aitortu zion Goiberri-ri, azaroan. Artearen eta bizitzeko emango zioten lanbideen artean garatu zuen bizimodua, Espainiako hiriburuan: Arte Ederrak hiru urtean ikasi zuen, eta errestauratzaile lan egin. Kontabilitatea ere bai. Torrejongo amerikarren base militarrean ere lan egin zuen. Jubilatzear zela itzuli zen sorterrira.
Euskaltzalea eta zegamarra, herriaren gomutan hasi zen idazten. «Euskaraz idaztea erabaki nuen. Nobelez gain, Zegamako ipuinak jaso nituen. Aitona-amonen hizkera jaso nuen. Zegamako euskara oso aberatsa zen: antigoalekoa eta balio handikoa. Hizkera hori asko galdu da», esan zuen Goiberri-n.
Joandako garaiak, istorioak eta kontaerak biziberritu zituen Berasategik. Azken proiektua ere horretarako zeukan gordea. Maddalen Goiburu Lola la cigarrera euskaldunarena, adibidez. Hiru liburu prestatzen ari dira, Pio Berasategik ondare utziak.













