Larrañaga eta Rekondo finalera
Urrezko Aizkora txapelketako azken finalistak dira Mikel Larrañaga eta Jon Rekondo. Astondok ere finalerako pasea eskuratu du.
20. Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako seigarren eta azken jardunaldia gaur ospatu da Beasaingo Antzizar kirolegian. Bertan aritu dira lehian Saralegi eta Otaño, Larrañaga eta Rekondoren aurka. Urrezko Banakako Txapelketaren gaurko jardunaldian berriz, Irati Astondoa eta Maika Ariztegi izan ditugu. Harri-jasotze lanetan Xabier Peña ibili da.
Txapelketa hasteko aizkolari bakoitzak 45 ontzako enbor bana ebaki du. Horren ondoren, kana erdikoa mozten Saralegi eta Otaño gailendu dira. Hirugarren proban, oinbiko enborra erdibana mozten, Larrañagak eta Rekondok osatutako bikotea izan da azkarrena. Azken aurrekoan, 45 ontzako emborra ebakitzen, Rekondo (zutik) eta Larrañaga (etzanda) izan dira lehenak. Azkenik, kana erdiko lau enbor eta 60 ontzako bi moztu behar izan dituzte aizkolariek txanda librean. Rekondok eta Larrañagak jaso dute eskua lehen naiz eta norgehiagoka oso parekatua izan.
Mugertza II. eta Julen Alberdi Txikia, Rekondo eta Larrañaga eta Iker Vicente eta Mujika arituko dira aurrez aurre martxoaren 7an ospatuko den finalean.
Irati Astondorentzat eta Maika Ariztegirentzat, Urrezko Banakako Txapelketako bosgarren jardunaldian izan da gaurkoa. Minutu eta 57 segundotan moztu du emborra Iratik, Maikari 21 segundo ateraz eta finalerako txartela eskuratuz. Dagoeneko Nerea Sorondo sailkatuta dagoen arren, hirugarren finalista nor izango den hurrengo asteburuan jakingo da Oñatin: Maizka Ariztegi edo Itxaso Onsalo.
Bukatzeko, Peña harrijasotzaileak, 2 minututan 7 aldiz altxa du 175 kiloko harria. Bestalde, 150 kiloko harri kubikoa 8 aldiz jaso du eta 125 kiloko bola 14 aldiz.