Hik Hasi aldizkariko zuzendari ohi Joxe Mari Auzmendi hil da
Jose Mari Auzmendi Haztegi ikastolako irakasle izandakoa eta Hik Hasi aldizkariko koordinatzaile ohia atzo eguerdian hil zen Donostian. Gorputza Hernaniko tanatorian egongo da gaur egun osoan, eta bihar goizean egingo diote azken agurra eta omenaldia Polloeko hilerrian.
Auzmendi (Azkarate, Nafarroa, 1954), hiru urterekin etorri zen Legazpira; zortzi senidetatik zazpigarrena zen. Kimika ikasi zuen, eta Patrizio Etxeberria lantegiko laborategian lan egin eta gero, Haztegi ikastolan hasi zen irakasle lanetan. Hik Hasi egitasmo pedagogikoaren sorreran partu hartu zuen, eta ikastola utzi eta gero, 1995ean kaleratzen hasi ziren Hik Hasi aldizkariko koordinatzaile lana hartu zuen. Hernanin bizi zen, eta jubilatzeko puntuan zegoen.
Euskalzalea zen eta, besteak beste, Hots eta Ene Bada! euskal aldizkarien sorreran parte hartu zuen eta zinegotzia ere izan zen. Futbol munduan ere ezaguna izan zen gaztetan; Ilintxan, Bergaran, Eibarren eta, ikasten ari zela, Huescan ere jokatu zuen.













