Pello Erauskinen saioarekin hasiko da gaur Lazkaoko Mendi Astea
Mendizale ordiziarrak Alpeetako mendi-eskiaren inguruko argazkiak erakutsiko ditu Arerian. Bihar, Eñaut Izagirre elgoibartarraren txanda izango da, eta etzi, Arkaitz Iurrita ormaiztegiarrarena.
Lazkaoko Amalur mendi taldeak gaur ekingo dio 2020ko Mendi Asteari. Estreineko saiorako, Pello Eskisabel mendizale ordiziarraren ikus-entzunezkoa aukeratu dute. Alpeetako Haute Route Ecrins-Meije mendi trabesiaren inguruko irudi bilduma eskainiko ditu. Gaur izango da saioa, 19:30ean, Areria antzokian.
Datozen egunetarako, beste hiru emanaldi ere antolatu dituzte. Bihar, Eñaut Izagirre elgoibartarra etorriko da, Incognita Patagonia ikuskariarekin, ordu eta leku berean. Hego Amerikako eta Antartikako glaziareen galera erakusten du, eremu horietan egindako mendi igoera batzuk aitzakia hartuta.
Asteazkenean, berriz, Arkaitz Iurrita ormaiztegiarrak egindako Al otro lado de la cuerda dokumentalaren txanda izango da. Orain Antartikan badago ere, haren lana eskainiko dute, dokumentalean parte hartu zuen Mikel Zabaltzak aurkeztuta.
Azkeneko ekitaldia ostegunean izango da. Jurek Zienkiewicz zeanuriarraren Elur goritan lana eskainiko dute. Errusia ekialdeko Kamtxatka penintsulan mendi eskiekin iazko udaberrian gauzatu zuen zeharkaldiaren kontakizuna da. Jon Goikoetxeak eta Iker Larrañagak ekoitzi zuten lana, eta Bilboko Mendi Film Festibalean aurkeztu zuten. Zienkiewiczekin batera, kameralari zarauztarra ere Lazkaon izango da.
Amalur taldekoen esanetan, «ikus-entzunezkoak maila oso onekoak dira, eta Eskisabelen argazki emanaldia ere polita» izango da».