Hotz Legazpik mantak behar ditu Aita Mari itsasontzira bidaltzeko
Larunbat goizean egingo dute bilketa, Azokan. 200 manta behar dituzte, Aita Mari itsasontziak jasotako migratzaileentzako. Abenduan jasotako arropa kaxa batzuk Greziara bidean dira
Zarautzen egoitza duen Itsas Salbamendu Humanitarioa (SMH) elkarteak egindako deialdiari erantzunez, beste kanpaina bat jarri du martxan Hotz Legazpik. SMH elkarteak itsarotatutako Aita Mari erreskate ontzirako 200 manta behar ditu, eta hori lortzeko legazpiarren laguntza eskatu dute.
Eskari horri erantzuteko, Hotz Legazpik bilketa berezia egingo du, eta horretarako eguna eta tokia finkatu dituzte: larunbatean, hilak 22, 10:00etatik 13:00etara bitartean, Azokan egongo dira, legazpiarrek emandako mantak jasotzeko. Manta horiek Aita Mari itsasontzira bidaliko dituzte gero, itsasoan erreskatatzen dituzten migratzaileek erabil ditzaten.
Bigarren deialdia
Hotz Legazpi elkarteak epe laburrean egin duen bigarren deialdia da honako hau, larrialdi egoera batek eragindakoa oraingoa ere. Aurrekoan, Gabonen bezperan, arropa eta janaria eskatu zizkieten legazpiarrei, Greziara eta beharra dagoen beste toki batzuetara bidaltzeko. Tona bat janari bildu zuten orduan, eta Lesbosko errefuxiatuen kanpalekuetara bidali zuten guztia, Zaporeak elkartearen bitartez. Arropa, berriz, txandaka ari dira bidaltzen. Legazpiko ekonomato zaharrean egokitu duten biltegian 160 kaxa dituzte gordeta, legazpiarrek emandako emakume, gizon eta umeentzako arropaz eta oinetakoz eta osagarriz beteta.
Horietako kaxa batzuk joan den astean bidali zituzten Greziara, En Red SOS Refugiados gobernuz kanpoko era- kundearen bitartez, eta Legazpiko Etxaleku garraio epresaren laguntzarekin. Beste kaxa batzuk ere paletetan antolatuta dituzte, Ceutara bidaltzeko, Digmun elkarteak egindako eskaerari erantzunez.
Hotz Legazpi elkarteko kideek lanean jarraituko dute biltegian geratzen diren arropa kaxei irteera emateko. Gobernuz kanpoko erakunde gehiagorekin harremanetan hasi dira, bildutako materiala beharra dagoen tokiraino hel dadin.
Legazpiarrek, bitartean, laguntzen jarrai dezakete, eta larunbatean mantak eraman azokara.