Hitzaldia eta mendi ibilaldi gidatua Zuhaitz Eguna indartzeko
Basoek klima larrialdian duten papera aztertuko du Garazi Auzmendik bihar. Zuhaitz landaketa martxoaren 29an egingo da, Arrobi mendiaren magalean
Udaberri hasierarekin batera, Zuhaitz Eguna egingo dute Legazpin martxoaren 29an. Aurten zuhaitz landaketaz gain, klima larrialdian basoek egin dezaketen ekarpenari buruzko hitzaldia eta basoan zehar ibilaldi gidatua ere egingo dituzte. Legazpiko Udaleko Erik Galvez zine- gotziak eta Ane Miren Agirrezabal ingurumen teknikariak aurkeztu dituzte Zuhaitz Egunaren inguruko ekintzak.
Zuhaitz Egunaren helburu nagusia «gure basoen eta izadiaren zainketaren garrantziaz herritarrak sentsibilizatzea» dela azaldu zuen Galvezek, «haurrak bereziki», eta 2017an, udala osatzen duten alderdi guztiek onartu zuten Legazpi, Klima 2030 estrategiaren barruan kokatu zuen ekintza. Klima aldaketari aurre egiteko administrazioek esku hartu behar dutela, eta horretan Zuhaitz Eguna bezalako sentsibilizazio ekintzak ezinbestekoak direla adierazi zuen.
Hitzaldia eta ibilaldia
Legazpiko Zuhaitz Egunak 30 urte beteko ditu aurten eta beste ekintza batzurekin indartuta dator. Garazi Auzmendi ingurumen arloko adituak egingo duen hitzaldiarekin hasiko dira Zu- haitz Egunaren ingurukoak. Klima larrialdia eta basoen ekarpena izenburupean, 2019an Gipuzkoako Foru Aldundiaren beka bati esker egindako lanaren xehetasunak azalduko ditu bihar, 19:00etan, kultur etxean.
Bestalde, Zuhaitz Eguna bera formatu aldaketarekin egingo da martxoaren 29an, igandea. Zuhaitz landaketa egiteko Brinkolako Arrobi mendi publikoko beheko aldea aukeratu dute, eta inguru horietatik ibilaldi gidatua egingo dute, Auzmendi bera buru dela. Aurten haritz gandugabea aldatuko dute. Hitzordua Brinkolako tren geltokian izango da, 09:15ean. Ibilaldiak zazpi kilometroko luzera du joan-etorrian, edonork egiteko modukoa da. Zuhaitz landaketaren ondoren, ohiko salda eta txorixoa banatuko dira.
Zuhaitz Egunean parte hartzeko izena eman behar da, Legazpiko Udalaren webgunean edo udaletxean bertan. Azken eguna martxoaren 26a da.