Buztintegikoak, aktiboenetakoak
Herriko aktiboenetakoa da pentsionisten eta jubilatuen elkartea, ia 1.200 bazkiderekin. Orain, koronabirurasen eraginez itxita du egoitza, eta ohiko jarduera berreskuratzeko irrikitan dago.
Gizarte Zentroan du egoitza Buztintegik, 1.114 bazkide ditu. Pentsiodunen eta jubilatuen Buztintegi Legazpiko elkarterik handiena eta aktiboenetakoa da, nahiz eta egun hauetan eta berriz noiz hasiko diren jakin gabe, koronabirusaren eraginez jarduerak bertan behera utzita dituzten eta egoitza bera ere itxita duten.
Otsailaren amaieran egin zuten urteko batzarrarekin eta jokatu berri diren joko txapelketen irabazleei sariak banatu eta gero, datozen hilabeteetarako programari ekin diote. Elkartearen martxa bizia gidatzen duen zuzendaritza batzordea Iñigo Alberdi lehendakariak, Juan Jose Zubillaga idazkariak, Maria Asun Arrizabalaga diruzainak eta Maria Jesus Abanda, Jabier Fraile, Angel Alonso, Juan Francisco Valbuena, Pili Badiola, Jesus Paredes eta Jose Migel Galfarsoro bozeramaileek osatzen dute.
Tailer eta ikastaro ugari
Aukera ez dute makala Buztintegiko 1.114 bazkideek.Horietatik 677 emakumezkoak dira, eta 437 gizonezkoak; urtean 8 euroko kuota ordaintzen dute, 85 urtetik gorakoek ezer ere ez. Dantza eta larunbatetako dantza saioak, pintura, memoria, joste lanak, yoga, paperezko eskulanak, gimnasia, mendi irteerak, xakea eta informatika tailerrak eta ikastaroak dituzte eskura; ia 300 lagun ari dira horietan. Bazkidetzan bezala, ikastaro eta tailerretan ere emakumezkoak dira nagusi.
Buztintegiren egutegian hitzordu finkoak ere badira, ikasturte hasierako meriendak eta San Sebastian eta San Tomas ospakizunak tartean. Bidaiak ere klasikoak dira; aurten Galizara joango dira aste beterako, ekainean. Azaroan Iratxera egiten den irteera ere oso estimatua da.
Gizarte Zentroan, ile apaindegi eta podologia zerbitzuak dituzte bazkideek, eta taberna. Honako hau herritar guztientzat da.
Herrian ere presentzia handia du Buztintegik, eta Tipi-Tapan, Legazpi Lagunkoian, udaleko kultura eta gizarte zerbitzuen batzordeetan eta Agenda 21eko Foroan parte hartzen du, besteak beste. Ezin dira ahaztu astelehenetako pentsio duinen aldeko konzentrazioak.
Orain, etenda du jarduera Buztintegik, baina berriz martxan hasteko irrikitan daude kideak.