Eta, hala ere, udaberria
Martxoaren 20an hots handiegirik atera gabe iritsi zen, 4:50ean. Aurreko egoiliarrak ere lanik ia batere eman ez zuenez –leuna eta goxoa izan da aurten–, ia oharkabean sartu zen. Herritarrak inoiz ez bezala etxean sartuta egoteak ere nahastuko zituen, beharbada. Edo ahaztu. Baina, inork deitu gabe, bere garaian puntu-puntuan ailegatu zen.
Harrezkero, ohitzen lan pixka bat izan du. Aurpegi politarekin hasi baldin bazen ere ekinean, hoztu eta zuritu egin zen berehala. Baina erritmoa hartu dio berriro. Berak nahi duenean, berak nahi bezala. Ez du gizakien laguntzarik behar. Gaur, apirilaren 4a, gutxik gozatu ahal izan duten ikuskizuna eskaini du.
Kontuak kontu eta izurriak izorragarri, hala ere, edo agian horregatixe, udaberria da.