Hausnartzeko egunak, hausnarketa egunik gabe
Izurriteak eta horren ondoriozko etxeratzeak agenda soziala bakarrik ez, oroimena ere zilipurdikatu du. Ia ahaztu zaigu gaur zela hausnarketa eguna izatekoa, eta bihar Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde igandea. Datorren igandean, Aberri Eguna.
Gaitzak atea jotzen duenean, eguneroko mintxo guztiak desagertzen dira. Koronabirusak ere halako zerbait eragin du. Berez oparoa den Goierriko kultura eta gizarte agenda guztia gerarazi zuen duela hiru aste –bihar beteko dira hiru aste konfinamendua hasi zenetik–, eta udaberriarekin batera are gehiago aberastu ohi den ekitaldi-emaria ziletik ebaki du.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak bihar ziren egitekoak, printzipioz. Gaur, hausnarketa eguna. Propaganda eta aldarri politikoen erauntsitik arnasa hartzeko eguna. Baina ia inor ez da akordatzen jada. Jardun politikoa ia motelduta, ahalegin instituzional ia denak gaitzari aurre egitera bideratuta, eta herri ordezkaritzaren ganberak minimora murriztuak, konfinatuta dago jardun demokratikoa ere.
Bihar zortzi, apirilaren 12a, Aberri Eguna izango da. Beste urteetan oporren eraginez eta banaketa politikoen aitzakian lausotuta ospatzen bada ere, aurten, txarren-txarrenean, adierazpen zabaldua, bateratua eta bakarra egiteko aukera paregabea behintzat ipini du etxealdiak. Balkoietara ikurrina atera, euskal irratietan ipiniko duten abesti bat abestu, eta goitik ospatzeko deia egin dute euskal gizarteko hainbat pertsonaiak.
Bertan behera utzitakoen artean, bestetik, asteburu honetan ziren egitekoak Zaldibian eta Lazkaon Mozanbikeren aldeko elkartasun jaialdiak, Gabirian Leharrei mendi lasterketa, Ataunen infantilen eta alebinen mailako txirrindulari karrera, Ordizian Argi-Berri bertsolari gazteen sariketa, eta beste hamaika ekitaldi.