Konfinamendua apirilaren 26ra arte, gutxienez
Espainiako Gobernuak beste hamabost egun luzatu du etxeko bakartzea, bigarren aldiz. Luzapen gehiago izango direla aurreratu du. Industria eta lan jarduera, aldiz, Aste Santuaren ondoren atzera martxan jarri ahalko dira.
Atzodanik bolo-bolo zebilen kontua erabaki bihurtu du gaur Espainiako Gobernuak: koronabirus gaitzaren hedapena kontrolatzeko herritarrak etxetik irteteko debekua beste hamabost egun luzatuko da. Apirilaren 26ra arte iraungo du konfinamenduak, gutxienez. Espainiako Gobernuaren presidente Pedro Sanchezek larunbat honetan aurreratu du gehiago luzatuko dela konfinamendua: “Logikoki, neurriek hamabost egun baino gehiago iraungo duten? Zergatik ez dugun gehiago eskatzen? Aurrekaria ezarriko genukeelako. [Espainiako] Konstituzioaren 116. artikuluak hamabost eguneko luzapenak zehazten ditu, eta oso garrantzitsua da Diputatuen Kongresuari kontuak argi ematea”. Luzapena Kongresuak onartu beharko du.
Hala ere, apirilaren 26tik aurrerako neurriak “berdinak” ez direla izango ere aurreratu du: “Trantsizioa egiten hasiko gara, gure bizitza ekonomikoa eta soziala zerbait berreskuratzeko”.
Aktibitate ekonomikoari buruz, Aste Santuaren ondoren industria eta azken astean geldirik egon diren “ezinbesteko” ez diren arloak lanera itzuli ahalko dira. Apirilaren 9ra arteko debekua dago lan munduan, eta ez da luzatuko.
Konfinamendu orokorra martxoaren 15ean hasi zen. Harrezkero, herritarrek ezin dute etxetik irten, oinarrizko jarduera gutxietako bat egiteko edo lanera joateko ez bada. Gaur iragarritakoa bigarren luzamendua izango da, eta apirilaren 26ra arte 45 eguneko itxialdia bete beharko dute herritarrek.