Legazpiko isiltasuna alaitu dute herritarrek, 'Isil-isilik' jota
Legazpiko Musika Bandak ekimen dotore batekin hasi dute konfinamenduko hirugarren asteburua. 'Isil-isilik' abestia jo dute balkoietatik, bakoitzak bere tresnarekin.
Ostiral iluntzea, Legazpin. Ohiko bihurtu den hustasuna eta isiltasuna kalean. Osasungintzako langileen ahalegina eskertzeko, 20:00ak puntuan, etxetarrak balkoira eta leihoetara irten dira, eguneroko moduan txalo joaldi batekin animoak biziberritzeko. Eta, jarraian, atzera dena isiltasunera itzultzen utzi gabe, Legazpiko Musika Bandakoak jotzen hasi dira.
Isil-isilik abesti herrikoia aukeratu dute, beste herri batzuetan ere egin izan duten bezala. Bandakoek eurek gidatu dute kontzertutxoa, bakoitza bere tresnarekin eta bere bizilekutik. Baina herritar gehiago batu zaizkie: haurrak txirulekin, helduak gitarrekin, etxean zeukaten eta behinola jotzen zuten instrumentuarekin…
Musika bandak aurretik zabalduta zeukan deialdia, eta Santikutz abesbatza, Alaitasuna errondaila, Doinua musika eskola eta Goiz Deia txistulari taldea batu zaizkio. Azkenean, inoizko Isil-isilik zaratatsuena eta sentikorrena.
Argazkilariak: Dani Huerta eta Gorka Gomez.