Alaitasuna errondaila eta jaiotzaren taldea, aurtengo Olaria sariak
Olaria Saria ematen hasi zirenetik lehendabiziko aldiz, bi sari emango dituzte aurten. Alaitasuna Errondailaren eta jaiotza egiten duen boluntario taldearen lana aitortu nahi dute.
Duela 21 urte Mari Sol Rodriguezek diseinatutako Olaria estatua txikiaren bi kopia egingo dituzte aurten, saria ezarri zenetik lehen aldiz herriko bi erakundek jasoko dutelako batera: Alaitasuna Errondailak eta jaiotza egiten duen boluntario taldeak. Joan den asteazkenean telematikoki egin zuten udalbatzan berretsi zuten udalkideek aurten, lehenengo aldiz, bi Olaria sari ematea. Erabakitzeke geratu zen noiz entregatuko dituzten, ohiko maiatzaren 3ko datan ezinezkoa izan delako.
Herritarrek proposatuako izenen artean aukeratzen dute urtero Olaria sariaren irabazlea; aurten, errondailarekin eta jaiotza taldearekin batera, beste hautagi batzuk ere baziren: Ilintxa futbol elkartea, Legazpin judoa zabaltzeaz arduratu den Jose Manuel Paternain, Nagusilan boluntario taldea eta Patxi Otaegi. Epaimahaia martxoaren 11n bildu zen, eta epaimahaikideak Koldobike Olabide alkatea, Erik Galvez, Igor Romaratezabala eta Oscar Valbuena zinegotziak, Floren Gutierrez iazko sariduna eta Xalinko, Burdinola eta Bertso Olariak elkarteetako ordezkariak izan ziren.