Aire libreko patata berria eta lehen tomatea
Irteteko ordutegia malgututa ilara luzeak izan dira goiz guztian zehar. Produktuen aukera ere handitzen ari da, astetik astera; azkenak, patata, tomatea, zizak, onddoak eta bakailaoa.
Batzuk enkarguak utzi eta joan egiten dira. Beste batzuk postua jarri eta hortxe pilotaleku barnean edo kanpoan. Eta jendea zain ilaran, barnera sartzeko jende kopurua errespetatuz 25 lagun inguru txanda egokitu arte. Oraindik normaltasunetik urruti baina diferentzia nabarmena antzematen da aurreko asteekiko kanpora ateratzeko baimena malgutu dutenetik. Jende asko izan zen atzo, eta 13:00ak arte luzatu zuten azoka.
Bestalde, kanpoko aterpean postu bat gehiago izan zen atzo, Ordizian tradizio luzea duen Lezo bakailao saltzailea. Eta genero gehiago ere bai: 35 kilo udaberriko ziza ( 20-34 euro kiloa), 12 kilo onddo (24 euro kiloa) eta 4 kilo zizahori (18 euro kiloa) salgai ziren Lasaren postuan.
Ikusi ez arren patata berria saldu da Ordiziako azokan. M. Jesus Oriak Itsason duen baratzekoak (3 euroan kiloa). Ez du posturik jartzen baina eskari asko izaten ditu eta 07:00etarako hantxe uzten ditu. «Aire librekoa da, nik ez dut negutegirik. Patata ederra da orain arte ateratakoa eta landarea ere sano-sano ikusten da».. Negu goxoa izan dugu baina halere ez da aurreratu patata berria, apirila erdirako izatea normala baita.
Patxi Arizmendik ekarri ditu lehen tomateak, 4 euroan kiloa. «Gutxi oraindik, lehenbizi gorritu diren bakanak, muestrarako lain, datorren astetik aurrera ia hasiko naiz fundamentuz», esaten zigun umorez Patxik. Azkoitiko Joxe Mari Uzinek ere saltzeko adina genero baduela jakin dugu baina orain segurtasun neurri guztiak errespetatuz tokia egin behar. Ahalik eta saltzaile gehienek etortzeko aukera izan dezatela da antolatzaileen nahia eta bide horretan lanean segituko dute.
Peonia eta larrosa moztuak
Landare sailtzaileak izan ziren lanpetuenak atzo. Peonia eta larrosa lore moztuen sorta dotoreak zeuden salgai Arantxa Zurutuzaren postuan, 5euroan.
Fruta arbolei buruz galdetu diogu Gabiriko Oñatibi Txikiko Juan Antonio Elosegiri; loraldi betean direla sagarrak esaten zigun, «mahaikoa esaten diogun sagarra bereziki, ia alea hartzen hasita ere bai». Datorren astean gerezia ekarriko duen esperantzarekin zen.
Naturaren indarra eta ahala agerian gainerako oztopoen gainetik.