Mitxel Badiola zelaia, ofizialki Mitxel Badiola
Gaur egin dute Argixao kirol instalazioetako zelai nagusiaren izen berriaren ekitaldi ofiziala, Realeko ordezkariekin eta Badiolaren senideekin.
Argixao kirol instalazioetako zelai nagusia ofizialki Mitxel Badiola zelaia da. Gaur egin dute ekitaldi ofiziala, Urolako eta Realeko ordezkariekin, udal agintariekin eta Badiolaren senideekin. Realeko haur eta gazte mailako koordinatzailea zen Badiola, eta ibilbide luze eta oparoa osatu zuen Urolan. Urolaren historian oraindik bera da gol gehien egin dituen jokalaria; 144 gol sartu zituen 279 partidatan.
Felipe Elgarresta Urolako presidenteak ekitaldian adierazi du zelaiari haren izena jartzea “kolektibotasunetik sortutako omenaldia” dela, “urrats sinboliko baina esanguratsua”. Modu horretan, izenaz gain, haren “izana ere eramango duela” nabarmendu du, “hark defendatu zituen baloreak” Argixaon geldituko direlarik. Joseba Ibarburu Realeko presidenteordeak ere hartu du hitza: “Asko maite genuen Zubietan; egon zen urteetan uste dut lagunak izan ginela, eta orain hemen islatuta geratzen da”. Ondoren, bi herrietako alkateek hitz egin dute, eta bukatzeko, Badiolaren senideek, emozioz beteta. Lore sorta Mitxel Badiola izenaren alboan lurrean utzi eta gero, Agurra dantzatu diete bi dantzarik ordezkari guztiei. Ekitaldiari amaiera emateko, oroigarri bana eman diete senideei.
Urolako emakumeen Ohorezko Erregional taldeak Realeko kadeteen aurka jokatu du, eta Urolako gizonen Ohorezko Erregional taldeak Realeko gazte mailako taldearen aurka. Bi partiden artean, Urolako 23 bazkide sortzaileak omendu dituzte.













