Elikagaien eskaera lehen aldiz egin duten pertsonen kopurua «nabarnen» igo da
Koronabirusaren krisiak lehendik ere egoera zaurgarrietan dauden pertsonen egoera are gehiago estutu du. Martxoaren erdi aldetik, ohi baino eskaera gehiago jasotzen ari direla diote migrazio teknikariek, Goierriko Caritasek eta Gurutze Gorriak.
Koronabirusak eragindako krisi ekonomikoaren ondorioak nabaritzen hasi dira jada. Premia gorrian daudenekin lan egiten duten entitateek behin eta berriz errepikatu dute, ohi baino laguntza eskaera gehiago jasotzen ari direla, martxo erdialdetik. Hala baieztatu dute, Ainara Ormaetxea Ordiziako Udaleko migrazio eta aniztasun teknikariak, Ainhoa Etxabe Caritaseko Goierriko gizarte langileak eta Arantxa Baztarrika Goierriko Gurutze Gorriko teknikariak.
Errealitate oso desberdinak bizi dituzten pertsonak daude oinarrizko laguntzen eskaeren atzean. Ordiziako migrazio eta aniztasun teknikariak hala adierazi du: «Jatorri guztietako pertsonen bizitzetan izan du eragina koronabirusak, baina agerian jarri du lehen ere egoera zaurgarrietan zeuden pertsonen egoera, eta orain gehiago okertu da». Laguntzak eskatzeko bete beharreko baldintza horietatik kanpo daudenetaz ari da Ormaetxea, «marko legalaren barruan ez daudenak, erroldatuta ez daudenak adibidez, edo denbora oso gutxi daramatenak erroldatuta». Horien artean, «beste herrialde batzuetatik etorri diren pertsonak dira gehien». Lanik gabe gelditu direnak eta lanik gabe gelditze horrekin, hainbat baliabidetara iristeko aukerarik gabe gelditu dira asko. Gainera, «nora jo ez dakitela gelditzen dira sarri eta tokiko hizkuntza ez menderatzea ere, oztopo bilakatzen da batzutan». Horrelako egoerak, «orain arte detektatuta zeuden baina orain, kopuruak gora egin du».
Kolektibo kolpetuenetakoa, «etxez etxeko lana egiten zutenena da». Lanik gabe gelditu direnen kasuan, «baliabiderik gabe gelditu dira». Kale saltzaileak ere aipatu ditu Ormaetxeak: «Askotan, paperik gabe, edo erroldatu gabe daude eta egoera oso zaurgarrian gelditu dira».
Bi kasu horietan, «antolaketa eta saretzea falta da» eta hainbat adibiderekin jarraitu du: «Bizkaian, etxez etxeko laguntza ematen duten pertsonek, kooperatibak sortu dituzte, eta kale saltzaileak ere saretuta daude elkarte baten bitartez, hala, kontu korronteak ireki dituzte eta jasotzen duten dirua, alokairuak ordaintzeko bideratzen dute, beste behar batzuen artean». Krisi ekonomiko eta sozial honen aurrean «denak batera aurrera egiteko modu bat da». Adibide gehiago, «Euskal Herri mailan Bizi Hotsa plataforma sortu dute, 15 elkarte daude tartean, mugimendu feministatik datoz asko». Plataforma horrek «crowfunding kanpaina bat jarri du abian, 60.000 euro biltzeko». Diru hori «oinarrizko beharretara eta formakuntzara bideratuko dute».
Administrazioa iristen ez den toki horretara iristeko dago «hirugarren sektorea deitzen duguna, Gurutze Gorria eta Caritas, alegia». Koronabirusaren krisian, «behar gehien duten pertsonei erantzun bat ematen ari dira, behar-beharrezkoak diren elikagaien eta higienerako produktuen banaketak eginez».
Caritas
Goierri bailaran bizitzen ari den egoeraren erradiografia egin du Caritaseko gizarte langilea den Etxabek: «Gizarte guztiaren egoera larritu da baina are gehiago, lehendik egoera txarrean zeuden pertsonena».
Jasotzen ari diren eskaeren artean «igoera nabarmena egon da». Orain arte «inoiz Caritasen laguntza eskatu ez duten pertsonak ere laguntza eskatzen ari» direla atzeman dute. Une honetan, «laguntza jasotzen ari direnen, %40a dira». Horien kasuan, «orain arte, bazituzten aurrera ateratzeko baliabide batzuk, baina baliabiderik gabe gelditu dira, asko eta asko beste herrialde batzuetatik etorritako pertsonak dira, eta egoera irregularrean daude gainera, lan murgilduan aritutakoak». Gainera, azpimarra egin du, «asko eta asko, emakumeak dira».
Egoera horretan «sarri, ez dute eskubiderik babes sozialeko inongo laguntzetara heltzeko, ez dituztelako betetzen administrazioak eskatzen dituen baldintzak». Oinarrizko laguntza behar dezaketenen kasuan, gogoratu du, «parrokia bat dagoen tokian, harrera bat» dagoela. Momentu honetan, «harrera ezin da presentziala izan, beraz telefonoz» ari dira. Astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan, 09:00etatik 13:00etara, 943 881 581 telefono zenbakira dei daiteke.
Elkartasun olatua
Bazterketa arriskuan dauden pertsonei laguntza ematen ari dira Goierriko Gurutze Gorritik, beste gauza batzuen artean, elikagaien banaketaz arduratzen ari dira. Koldo Muñoa Gurutze Gorriko presidenteak hainbat datu eman ditu: «Goierrin, 410 ziren lehen laguntza jasotzen zuten pertsona eta familiak, orain berriz, 750 inguru».
Beasaingo egoitzan lan egiten du Arantxa Baztarrikak eta ederki ezagutzen du egoera hori eta berretsi du, «laguntza jasotzen ari diren askorentzat lehen aldia» dela. Une honetan dauden beharrak asetzeko «elikagai nahikoa» dagoela esan du, baina «Gurutze Gorriak laguntza jasotzen segitzea beharrezkoa» dela, «aurreragoko eskaerari erantzuna emateko». Uste du «instituzioen aldetik babes handiagoa beharrezkoa» dela.
Bide horretan, Beasaingo Anzizar S.A enpresak, elikagaiak erosteko 3.000 euro emateko proposamena egin dio Beasaingo Udalari. Ekimen pribatu horrekin bat egin du udalak eta hileko 2.000 euro bideratuko ditu elikagaiak erosteko. Gizarte Ongizateko sailaren bitartez, Gurutze Gorria, Caritas eta Nagusilan elkarteei bideratuko zaie, 300 herritar baino gehiagoren artean elikagaiak banatzeko.