Gehienak hor, jantziak falta
Produktuz eta toki kokapenez nobedadez betea izan da azkeneko Ordiziako Azoka: gereziak, marrubiak, lore eta landare berri ugari, ahuntz gazta... kokagune berrietan.
Astetik astera ahalik eta saltzaile gehienei tokia egiteko ahaleginean darraite Ordiziako Azokako antolatzaileek. Atzo aspaldiko partez, ohiko lekuak beteak ziren baina, distantziak mantendu beharrak eraginda, baina ez «bakoitza bere tokian», batzuk aldarrikatzen zuten moduan. Feria hau beste askok baino saltzaile gehiagoren topaleku da, 70 postu inguru izaten dira ohiko azoka batean. Horietako asko janariekin. Saltzaile batzuei ulertzea kostatzen bazaie ere, antolaketa asko zaildu du kopuru horrek.
Lehentasuna plaza barnean egon ohi diren hemengo barazki ekoizleei eman zitzaien, Beti Alai pilotaleku barnean pasa dituzte azken asteak. Atzo berriz ere plazara itzuli ziren. Plaza barnean egon ohi diren gainerako saltzaileak txandaka pilotalekuko kanpoko aterpean aritu dira azken asteetan. Atzo Beti Alai barnean eta kanpoan denak. Plaza inguruan jarri ohi diren fruta saltzaileak berriz ere etortzen hasi ziren atzo eta beheko zuhaiztian zeuden. Azken erronka jantzi saltzaileei tokia egitea.
Inguruko herrietatik jendea etortzen hasi da erosketak egitera, «eta deseatzen, nik bestela hau ezin dut beste inon erosi» entzun genion bati baino gehiagori. Gunez gune zaintzaileak, distantziak, jende kopurua eta gainerako neurriak betetzeko arazorik ez zen inongo momentutan sortu.
Nobedade ugari arloz arlo
Eta produktuetan ere nobedade ugari. Plazan bertan: hemengo gerezia, kilo asko Gabiriako Oñatibi Txikitik, eta gutxi batzuk Itsasondoko Iraola Txiki baserrikoak 4,5 eta 5,5 euroan kiloa. Ikusi ez genituen arren, marrubiak ere bai Aramako Arantxa Zurutuzarenak: «Ekartzerako enkarguz ia salduta neuzkan eta». 8 euroan saldu zuen kiloa.
Borraja berriak (3 euroan sorta) Baliarraingo Irabiazpikoak; Aldaba zaharreko ahuntz gazta berria 5-5,5 euroan bakoitza, ahuntz jogurta 2-3,8 euroan potea, ahuntz esnea (2 euro litro erdia eta 3,5 euroan litroa).
Patata dezente ikusten da aire librekoa eta negutegikoa 2 euroan kiloa. Azkoitiko Kurutziako tomatea ere bai berriz, denboraldiari hasiera emanez. Baba (3-4 euroan), ilarra (9-10 euroan). Eta Maite Iturbe okinak esan zigunez denboraldiko azken arto opilak atzo ekarri zituen Ordiziako Azokara.
Landare eta lore berri asko
Frontoian landare eta lore berri asko: koleo, krabelina, nemesia, kanpanula, margarita-dimorfoteka,… lehendik ziren genario, huntza, fuksia, surfinia, begonia eta abarren aukera aberastuz. Meloia eta sandia ere aukeran landaretan.
Sailez sail, aukera aparta eta poliki-poliki ohiko martxa berreskuratzeko urrats nabarmenak izan ziren atzo.