Zalantza askorekin baina itxaropenez ekin dio turismo sektoreak udako kanpainari
Goierriko turismo bulego, museo eta informazio gunerik gehienek zabaldu dituzte ateak, segurtasun neurri guztiak kontuan hartuta. Alarma egoeraren bilakaerak eta ondorengo asteek baldintzatuko dute Goierriko uda.
Alarma egoeraren ondorioz ezarritako neurriak arintzeko faseak aurrea doazen eran, gizartea normaltasun esparruak berreskuratzen hasi da. Azkenetakoak, turismo mailakoak izan dira.
Goierriko baliabide turistiko gehienek aste honetan ireki dituzte ateak eta alojamenduek ere udako kanpainan jarri dute begia. Denak bisitariak hartzeko prest eta gogoz daude, are gehiago lurraldeen eta erkidegoen artean mugitzeko baimena laster iristear denean.
Antioko bulegoa, irekita
Zumarragan, Antioko interpretazio zentroan du egoitza Goierri garaiko turismo bulegoak, eta atzotik irekita dago. Babes manparak, segurtasun distantzia mantentzeko seinaleak, maskararen erabilera, jel hidroalkoholikoa… Neurri ugari hartu dituzte, osasun protokoloak betez.
Turismo bulego hori, gainera, berrikuntzekin berrireki dute, eta ekainean eta uztailean, bere menpeko baliabide turistikoak doan bisitatzeko tiketak eskainiko ditu. Neurri horrekin, batetik, «inguruko baliabideak lehenbailehen suspertzen lagundu nahi da», eta, bestetik, «bertakoek zein bisitariek, inguruko baliabide turistikoak bisita ditzaten bultzatu nahi da».
Goierriko zonalde honetako baliabide turistikoei dagokienez, Igartubeiti Baserri Museoa atzotik dago zabalik, QR kodeak jarrita, eta hurrengo astean aire zabaleko jarduerak eskaintzen hasiko da. Urretxun, bestalde, Aikur Erle Museoak bisita gidatuak eskainiko dizkie ekaineko asteburuetan talde txikiei, eta Urrelur mineral eta fosilen museoa aste honetan irekiko dute. Zumarragan, berriz, interpretazio zentroaz gain, Antioko baseliza hasi da bisitak jasotzen eta Legazpin, azkenik, Lenbur Fundazioak kudeatzen duen turismo bulegoa irekita dago, eta museoak eta espazioak egun hauetan irekitzekotan dira.
Dena prest dago, beraz, bisitariak hartzeko, baina Urola Garaiko turismo bulegoko arduraduna den Amaia Retak azaldu duenez, ez dakite zer etorriko den eta zain daude. «Dirudienez barruko turismoak aukera gehiago izango ditu eta udarako eskaintza prestatzen ari gara». Talde txikiak, bikoteak, familiak… horrelakoak espero dituzte uda honetan, eta horiei begira, eskualde osoa hartuko duen ibilbide bat presatzen ari dira. Datozen asteetan «mugimendua» izango dutelakoan dago Reta.
Goitur, zalantza askorekin
Goierri beheko turismo baliabideak ere irekita daude, edo asteburuari begira irekiko dituzte. Ordiziako D’Elikatuz, Beasaingo Igartza monumentu multzoa, Ormaiztegiko Zumalakarregi, Segurako Ardixarra, Ataungo Barandiaran, Zegamako Anduetza, Idiazabalgo gaztaren interpretazio zentroa, Zeraingo turismo bulegoa eta Zegamako Anduetza Parketxea bisitariei harrera egiteko gertu daude, beraz, segurtasun eta osasun neurri guztiak hartu eta gero.
Udako kanpainari «itxaropen pixka batekin» begiratzen dio Goitur, Goierriko Turismo Agentziako Niko Osinaldek, batez ere datorren astean hirugarren faseak ekarriko duen lurraldeen arteko mugimendua kontuan hartuta. «Dena oso azkar doa, eta duela hilabete baino argi gehiago ikusten ari gara orain». Goierriko lehen bezeroak Katalunia eta Madril ingurukoak direla dio Osinaldek, eta horien lurraldeetan bizi duten egoera dela eta, aurten beranduago iritsiko direla uste du. Azken urteetan geroz eta ugariagoak diren Gaztela-Leongoak, Murtziakoak edo Valentziakoak ere etorriko direlakoan dago. Estatuko kanpoko bisitariei dagokienez, oporretara Donostiara etorritakoak dira Goierrira batez ere egun pasa iristen direnak, bisitari guztien ia %30 osatuz; aurten gutxiago izango direla uste du, hegaldiak oraindik hasteko daudelako eta denborarik ez dielako emango bidaiak prestatzeko. Euskal herritarrak ere begiz jota dituzte Goiturren udako bisitari gisa, «nahiz eta euskaldun asko kanpora begira dagoen». Hemengoak kanpora joaten badira, kanpokoak hona etorriko direlakoan dago Osinalde.
Alarma egoeraren bilakaerak eta ondorengo asteek baldintzatuko dute Goierriko uda. Aste hauetan lanik gabe egon direnek zenbat opor egun hartu ditzateken, eguraldiak… denak izango du zerikusia, eta horregatik «zalantza askorekin» ekin diote urteroko promozio kanpaina diseinatzeari. «Kanpaina handi bat dugu esku artean, baina noiz egin ere ez dakigu».
Bitartean, bidaia agentzia batzuekin lotu dituzte hainbat hitzarmen, eta uda Goierrin igarotzeko erreserba batzuk egin dira dagoeneko.
Goierriko alojamenduetan lehen erreserbak
Eskualdeko ostatu, hotel, apartamentu turistiko eta landa etxe edo baserrietan ere hasi da udari begirako mugimendua. Azken asteotan negoziotako turismoarekin bakarrik egin dute lan, eta gelak, orokorrean, %30ean izan dituzte beteta.
Orain, aisialdiko turismoarekin hasiko dira, eta alojamendu batzuk, batez ere landa ingurukoek, jaso dituzte udarako lehen erreserbak, egonaldi luzeetarako gainera, batzuk 7-10 egunekoak. Segurako Ondarre Nekazaritza Turismoan badituzte udarako erreserba batzuk, baina oso gutxi oraindik. Eneko Goiburuk azaldu duenez, «asko entzuten ari da gure etxeak bezalakoak izango direla jendeak udarako hartuko dituenak, txikiak direlako eta landa guneetan daudelako, baina guk oso erreserba gutxi ditugu momentuz, ekainerako batere ez, uztailerako gure eskaintza osoaren %5a bakarrik, eta abuzturako %15a». Denak, hori bai, egonaldi luzeetarako dira, «garbitasuna eta bestelako neurriak direla eta, zenbat eta egun gehiago hartu guretzako hobe».
Ekainerako ez du itxaropen handiegirik Goiburuk, baina uztailean eta abuztuan baserria gehiago beteko zaiolakoan dago. Beste urteetan jendea aurrerapen gehiagorekin ibiltzen dela dio, baina aurten lan kontuak direla, oporrak izango dituzten ala ez edo diru aldetik nola ibiliko diren… dena atzeratzen ari da. Itxaropentsu dago, hala ere, eta «gauzak argitzen direnean» mugimendua hasiko dela uste du.