«Arkumea zuzenean saltzen hasiko gara buru-belarri, 2021ean»
Itxialdiagatik etxeko salmenta zapuztu zitzaienean -ekoizpenaren erdia etxetik saltzen dute- Baztarrikakoak beraiek hasi ziren herrian bezeroei eramaten. Eta funtzionatu die. Batik bat, arkumearekin. Gazta berriz, denda txikietan enplegatu dute gehiago. Hala ere, bi hilabeteotako galera sumatu dute.
Zer nabaritu duzue gehien konfinamenduan?
Nabaritu duguna da, gehien bat, etxera jendea ezin zela etorri, euren herritik irten ezinik, eta ez da hona etorri. Herrikoei etxera eman diegu geuk, eskatu dutenei, beraiek bila irten beharrean. Ikusi duguna da salmentan gorakada handi samarra denda txikietan. Lehen saltzen ez genuena, orain gehiago saldu da.
Dendetako salmentan gorakada, beraz?
Bai. Agian, zuzenean erosten zigunak, etorri ezinik, denda txiki horietan erosi duelako izango da. Hala ere, atzera jendea etxera etortzen denean, dendetako salmenta jaitsiko zaigu.
Orokorrean, zer balorazio?
Garbi dagoena da bi hilabeteko hau galera polita izango dela guretzat. Produkzioaren erdia etxetik saltzen dugu, eta bi hilabete eta erdian hori gabe egotea guretzat kolpe handia da.
Zer irtenbide izan dezake horrek?
Irtenbidea, ikusiko dugu. Oraingoz, beste gaztategi bati saltzen diogu esnea, eta agian gehiago horra bideratuko dugu, eta gazta ekoizpena zer edo zer jaitsi. Ez dakigu nola irtengo den kontua. Ez dakigu gaur egiten dugun gazta, arkumea eta beste produktuak noiz irtengo diren merkatura. Orduan, biltegiratuta jenero bat eduki beharra daukagu, eta hori diru bat kostatzen da, eta irteera noiz emango diozun ez dakizu. Orain areagotu egiten da zalantza hori.
Kezka sortzen dizue egoerak?
Beldurra daukagu, beldurra. Gazta gehiago egin? Zer geldituko da gero hori, kamara beteta eta prezio baxuan atera behar? Gaztak izurratu litezke, baita ere… Faktore askok eragiten dute. Gu gaztatik eta esnea saltzetik bizi gara, familia bat osoa; baina esne gehiago salduz gero gazta egin beharrean, denentzat lain ez genuke aterako. Dilema dago, zer egin.
Arkume salmenta ere zuzenean egin behar izan duzue.
Arkumeekin, alarma egoera hasi zenean, bilketakoek prezioa jaitsiko zutela esan zuten. Herri mailan WhatsApp bidez zabaldu genuen orduan eskaintza, eta izugarrizko zortea eduki dugu, eta herritarrek erosi dizkigute. Arkume denak herrian bertan enplegatu ditugu. Bat edo bi izan ezik, beste denak herrian gelditu dira. Hori izugarrizko poza da guretzat; bestela, besteetan Burgosera joaten ziren hemengo arkumeak, eta bihotzean min handia ematen zidan horrek: hemen ekoitzitakoa kanpora joan, eta kanpokoa ekarri hona. Ezin liteke.
Iraungo al du bertakoari erosteko ohiturak?
Ea kontsumo-ohiturak aldatzen diren, egoera honekin. Badirudi baietz. Baztarrikan lokaltxo bat despieze areto bezala jarri dugu orain, Sanitatearen baimenekin. Datoren urtetik aurrera, arkumeak zuzenean saltzen hasiko gara, buru-belarri. Txahal haragirekin egiten den bezala, arkumea ere paketeak eginda, erdikak, laurdenak agian… pentsatu behar dugu hori ondo oraindik. Aurten, herrian gehienek arkume osoa eraman dute, beraiek nahi duten bezala zaituta eta ontziratuta: txuletak eginda, denetara prestatuko dugu… Gaztarekin merkatua badaukagunez, merkatu hori zabaltzeko arkumeari emango diogu arreta datorren urtean.













