Herrietako plazak berreskuratu eta aldarriz betetzeko deia egin dute
Gure Eskuren barruan sortutako Hamaika Gara ekimenak egin du deialdia iganderako. Herrietako plazetara kartoi eta paperetan idatzitako aldarrikapenak eramateko eskatu dute
Gure Eskuk Hamaika Gara ekimena jarri zuen abian martxoaren 11n gizarteko alor ezberdinetako eragileekin, Euskal Herriaren etorkizun politikoa erabakitzeko erreferendumaren aldeko sinadurak biltzeko helburuz. Baina koronabirusaren ondorioz, sinadura bilketa eta aurreikusitako kale mobilizazioak udazkenera arte atzeratzea erabaki zuten sustatzaileek.
Geldialdia hausnarketarako baliatu du Gure Eskuk eta orain, konfinamendutik irteteko prozesua aurrera doala ikusita, herritarrak kalera ateratzeko eta espazio publikoa aldarrikapenez betetzeko garaia iritsi dela uste du. Hori dela eta, Hamaika Gara ekimenean bat egindako eragileek herri erantzun bat emateko deia egin dute igande honetarako, ekainak 7, Hemen erabaki, herritarrok erabaki lelopean.
Ekimen bateratu bat proposatu dute, herrietako eta hirietako plazak norbanakoen eta eragileen aldarriz betetzeko.
Guztion artean, hemendik
Krisi honi eta etorriko denari «guztion artean eta Euskal Herritik» erantzun behar zaiola adieraztea «premiazkoa» dela uste dute Hamaika Gara ekimenerarekin bat egindakoek,eta helburu horrekin antolatu dute igandeko mobilizazioa, «tokiko erabaki burujabeak» aldarrikatzeko.
Ekitaldiak plazetan egingo dira, 11:00etatik 14:00etara. Herritarrei bere aldarrikapenak kartoi edo paper batean idatzita eramateko eskatu diete, baita sare sozialetan zabaltzeko ere.
Goierriko deialdiak
Goierrin ere izango du oihartzuna deialdiak, eta Urretxun eta Zumarragan, esaterako, herritarren aldarrikapenak biltzeko hitzordua egin dute Areizaga-Kalebarren plazan, 11:00etatik 14:00etara, bi herrietako Gure Esku plataformako kideek antolatuta.
Parte hartzaileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko, eskularruak eta maskarila jantzita eramateko eta plazara bidegorritik sartzeko eskatu dute.
Zegaman ere egin dute deialdia, eta herriko plazan egingo dute herritarren aldarrien bilketa, hori ere neurriak hartuta.