Euskarazko udalekuetan izena emateko epea astelehenean zabalduko da
Beasaingo Udalak, Txilibutxof aisialdi taldeak eta ikastetxeetako guraso elkarteek antolatutako euskara sustatzeko udalekuak ekainaren 22tik uztailaren 31ra izango dira
Euskara sustatzeko udalekuetan izena emateko epea astelehenean zabalduko da. Interesa dutenek Txilibutxof aisialdi taldearen webguneko galdetegi bat bete beharko dute. Bueltan, ordainketa egiteko jarraibideak esango zaizkie, eta behin ordainketa eginda, onartuak izango dira. Tramiteak ekainaren 13a baino lehen egin behar dira. Plaza mugatuak daude, eta ordainketa ordena errespetatuko da. Halaber, udalekuen lehen egunean haurrei argazkiak ateratzeko baimena eta osasuntsu daudela ziurtatzen duen agiria sinatu beharko dute.
Udalekuak ekainaren 22an hasiko dira, eta hiru txanda egongo dira. Lekua baldin badago, haurrak nahi adina txandatan joan daitezke. Lehen txanda ekainaren 22tik uztailaren 3ra izango da; bigarrena, uztailaren 6tik 17ra; eta hirugarrena, uztailaren 2otik 31ra. Goizeko udalekuak izango dira, 09:00etatik 13:00etara.
Haur Hezkuntzako umeen kuota txanda bakoitzeko 80 eurokoa izango da. Lehen Hezkuntzakoena aldiz, 100 euro. Familia ugaria izanez gero, Haur Hezkuntzako haur bakoitzak 70 euro ordainduko ditu txanda bakoitzeko eta Lehen Hezkuntzakoek 90 euro.
Segurtasun neurriak bermatzeko, hamar laguneko taldeak egingo dira eta ez dira elkarren artean nahastuko. Talde bakoitzak espazio itxi bat izango du beraientzat: hala nola, Txilibutxofen egoitza Urbieta etxean, Loinazko San Martin plaza azpian dagoen hizkuntza errefortzurako aretoa eta ikastetxeetako guneak. Halere, eguraldiak uzten duen bitartean, kaleko ekintzak ahalbidetuko dira. Musukoak erabiliko dira segurtasun tarteak mantendu ezin direnean, eta garbitasuna zorroztuko da.













