Lizarrak lekutu du Aralar, sorlanean
'Aralar, mundua leku den lurra' liburuaren irakurraldi musikatua egin dute egileek Zaldibiako parke botanikoan. Lizar ernea hartu dute ikurtzat, dokumentaleko gidoiaren harietako bat.
Esanahi handiko zuhaitza da lizarra artzainen artean. Larreak uztearen truke, lizarrak landatzen zituzten, saroia markatzen zuten, eta abereei itzala eman. Jexux Mendizabal Kaxkagorri artzain zaldibiarrak hala erantzun zien Aralar, mundua leku den lurra dokumentalaren egileei Aralarri zer eman zion galdetu ziotenean: «Makina bat lizar».
Ikuskaria 2018ko udazkenean estreinatu zuten Landarlan ingurumen elkarteak eta On ekoiztetxeak, eta orain hilabete pasatxo hango irudiak eta zati literarioa liburu batean bildu dituzte Erein argitaletxearekin. Eta larunbatean, liburuaren irakurraldi musikatua egin zuten Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre testuen egileek eta Pello Ramirezek, dokumentalaren soinu bandaren sortzaileak. Ramirezen alaba Sahatsaren dantza mugimendu arin eta leunek irudikatu zuten testuaren poetika.
Lizar bana sortzaileentzat
«Mendiz mendi, basoz baso, iturriz iturri, bidez bide, haitzez haitz. Itsasotik haitz, haitzetik barrunbe, barrunbetik ur, uretik baso, basotik lur, lurretik larre, larretik lizar, lizarretik gu». Agirrek eta Eskisabelek ordu erdi pasean tartekatu zituzten testuetan lehena izan zen hori, bukaeran berriz ere lizarrari lekua egiteko. Kaxkagorriren eskutik jaso zituen hiru lizar erne dantzariak, eta oholtza ko beste hiru sortzaileei eman zizkie opari, Zaldibiako parkea lekuko.













