Igartzako Dantzarien eguna egokitzapenekin egingo dute
Saio motzagoa izango da, ezpata-dantzaren zati esanguratsuenak besterik ez baitituzte dantzatuko. Ikusle kopurua mugatua izango da eta esandako tokian eseri beharko da
Igartzako Dantzarien Kofradiak eutsi egin dio urteroko ikuskizunari. Larunbatean izango da, 12:30etik aurrera, Igartzako Monumentu Multzoan. Hori bai, ekitaldia testuinguru berrira egokitu dute: «Aurtengo egoera berezia medio, gure Kofradiak ez du bere ohiko Dantzarien Eguna ospatuko. Dena dela, Igartzako eremu zabalak eskaintzen duen aukera aprobetxatuz, Kofradiako dantzariek egin ohi dituzten dantzetako batzuk eskainiko dituzte Igartzan, ziurtasun neurri guztiak zorrotz betez», adierazi dute Aurtzaka dantza taldetik. Iraganean baino saio motzagoa izango da, ordu erdi ingurukoa. Igartzako Ezpata-dantzaren zati esanguratsuenak besterik ez dituzte dantzatuko.
Kofradiak prebentzio neurriak hartu ditu dantzarien segurtasuna bermatzeko. Eurentzako propio egokitutako eremua ezarriko dute eta beste inor ezingo da bertara sartu.
Ikusleak Zapatari kaletik sartu beharko dira Igartzara eta antolatzaileek esango diete non eseri beharko duten. Eserlekuak sakabanatuta egongo dira distantziak mantentzeko, baina halere, maskara une oro jantzita eraman beharko da. Era berean, ezingo da zutitu eta saioa amaitzerakoan arduradunek esandako segidan irten beharko da pilaketarik izan ez dadin. Edukiera mugatua izango da eta ateak 11:45etan zabalduko dira. Kofradiako kideek eskatu dute lehenago ez joateko eta zain egon bitartean tarteak errespetatzeko, pilaketarik ez dadin izan.
Aurtengoa dantzari kopurua txikiagoa izango da baina denak usadioak agindu bezala jantzita joango dira: galtza gorri eta beltzekin, zinta gorridun alpargatak, alkandora zuria eta zapi gorria buruan. Hala diote ezpata-dantzarien inguruko duela 200 urteko agiriek. Aurtzakak sortu zuen Kofradia ezpata-dantza berreskuratu eta indartzeko.