Ikastetxeak, egoera berriaren lezioa ikasten
Poliki-poliki, kezka eta beldur batzuekin, Goierriko ikastetxeak ari dira 2020-2021 ikasturtea hasten. Koronabirusak hartu du aginpidea, eta aurre egiteko prestatu dira eskolak. Zaldibianatzo hasi ziren haurrak, eta Legorretan astelehenean.
Ikasturteko bigarren eguna besterik ez den arren, haurrek zehaztasun eta ordena harrigarriz bete dute egunekolehenengo lezioa: eskolarako sarrera. Bederatziak laurden gutxiago dira, eta Legorretako kaleetan handik eta hemendik ari dira ikasleak Ugaro herrieskolara hurbiltzen. Motxila bizkarrean, iraileko goiz freskoakeskatzen duen jertsetxoa jantzita, eta aurpegian maskara. Ikasturte berria, egoera berria eta betebehar berriak.
Inork agindu gabe, haur bakoitza bere eremura joan da, ikastetxearen kanpoaldean. Txikienak sarrera nagusira, eta gainerakoak gelakideekin batu dira, Harripila kiroldegiaren alboan, horman itsatsitako mailaren kartelaren azpian.
«Ikastetxean hiru sarrera dauzkagu, eta hirurak aprobetxatu ditugu. Taldeak banatu ditugu, ikasle pilaketarik ez gertatzeko, eta ordutegian ere malgutasunez jokatuko dugu. Elkargune puntuak jarri ditugu, eta martxan jarri eta ikasleek ikasi arte denbora bat beharko da. 10 minutuko kontua izango da goizetan», esan du Ugaroko zuzendari Maite Olazabalek.
Martxotik etorri gabe
2020ko martxoaren 12a. Asko uste gabe, data horixe izan zuten hezkuntza sistemako ikasleek eskolara joan ziren azkeneko eguna. Herenegun arte. Sei hilabeteren ondoren, berriz geletan sartu dira Goierriko ikasleak. Horrek dakarren emozio, urduritasun eta berritasun kargarekin. Beste kurtso hasieretako nagitasunei, kezka eta beldurra gehitu zaizkie aurten, ordea.
«Martxotik etorri gabe daude ikasleak, batez ere txikiak. Ezin gurasoengandik banandu, panorama gogor xamarra izan daiteke. Gurasoak ezin dira eskolara sartu. Eskutitza bidali diegu hori azalduz; egoera ulertzeko, eta agian ezingo dugula naturaltasunez jokatu aurreratzeko. Ez da erraza izango», dio Olazabal zuzendariak.
Egoera berria da, denentzat. Kontigentzia planekin eta segurtasun protokoloekin uztartu behar izan dituzte ikastetxeek plangintza akademikoak. Lehen egunotan, antolamendua da aurrenekoa. Baina ikastetxeen berezko funtzioa ezin da ahaztu: heztea, irakastea, ikastea, janztea. «Maila guztietan helburu batzuk daude, gutxienekoak eta bete beharrekoak. Batez ere 5 eta 6 mailetan presioa izaten da, geroko eskola aldaketa dela eta. Minimo horiek eman diren ziurtatu behar da. Ez da erraza izango, eta kezka badago. Orain normal hasi gara, lehenengo eszenatokian –hiru zehaztu ditu Hezkuntza Sailak, osasun egoera orokorraren baitan–, eta gero ea zer markatzen duten goitik».
Burbuila taldeak
Burbuilak edo «bizikidetza talde finkoak» antolatu dituzte eskoletan, haurrekin. Euren artean ahalik eta kontaktu gutxien izatea, eta gelatik irakasle gutxien pasatzea lortu nahi da. «Metodologia ere dexente aldatuko da. Mugimendu librerik ez da izango, Haur Hezkuntzan, adibidez: beren geletan egon beharko dute. Ahal den neurrian, kanpora aterako dira, eguraldiak laguntzen duen neurrian. Goxotasuna ematea izango da lehen egitekoa; denbora askoan daude etorri gabe, eta harrera goxoa egin eta seguru sentitu daitezela gure artean. Eta gero gerokoak».
Goxotasuna, eta malgutasuna. Horiek izango dira egoerari aurre egiteko botika naturalak.«Bi aldeetatik flexibilitatea beharko dugu; bai gurasoen aldetik, bai gure aldetik. Lehenengo gauza umeak egokitzea da, denbora asko pasatu dutelako etorri gabe. Eroso eta goxo egokitu behar dira. Gero, akademikoa dago, baina tarte bat emango zaie». Ugaron, musika jarri dute bozgorailutik, eskolan sartzeko.
Zaldibiako Lardizabal herri eskolan atzo izan zuten lehenengo eguna. «Ondo» hasi direla aitortu zuen eguerdian ikastetxeko zuzendari Eider Amondarainek.«Gutxi gora-behera, oso ondo pentsatuta zegoen dena. Noski, nola joango den kezka beti egoten da, baina umeak ere oso ondo egokitu dira». Lehen egunerako, mailakatuta ezarri zuten sarrera: batzuk 09:00etan, besteak 09:30ean. Tutoreek atarian itxaron zien talde bakoitzari. Gaurtik aurrera, denak 09:00etan sartuko dira.
Gainontzeko eskoletan eskatutakoak bete dituzte Zaldibian ere. Hiru sarrera egokitu dituzte ikasleentzat, eta korridoreak ere«ahalik eta kontaktu gutxien»izateko moduan egokitu dituzte.
Udal lokalak herrian zehar
Hasi berri den ikasturtean, zerbait sendotuko bada, kanpoan eta aire librean ibiltzeko ohitura izango da. Osasun adituek gomendatu dute, eta lehen egunetik hasi dira aplikatzen ikastetxe gehienak. «Oso ona da kanpoan ibiltzea, COVID-a egon edo ez egon. Aire zabalean egotea asko baloratzen dugu. Parke botanikoa eskolaren ondoan dago, eta HHkoak egunero joaten ziren lehen ere. Orain ere jarraituko dute», dio Amondarainek.
Ez hori bakarrik. Ekogunekoek irakasleei formakuntza berezitua emango diete Lardizabalen. «Naturan hezteak zer abantaila dituen formazioa jasoko dugu. Ez gara lasaitzera edo kirioak uztera soilik aterako; asko ikasiko dugu kanpoan ere, balio handia du horrek».
Bestetik, Zaldibiako Udalak eskolaren esku utzi ditu herri jabetzako hainbat lokal, herrigunean banatuak: Herri Antzokia, gimnasioa, kultur etxea… Hala, egunero LHko taldeek eskola-eraikinetik kanpora irten ahalko dute, baita euria edo hotza denean ere. Oso eskertua agertu da zuzendaria udalarekiko.
«Udala etorri zen gugana, gu joan baino lehen. Egunero erabili ahal izango ditugu lokal horiek. Bakoitzak du kanpoan eremu zabala eta bere komuna. Euria edo eguraldi txarra eginda ere, eskola eraikinetik hainbat talde atera ahal izango dira».
Gabeziak ere sumatu dituzte. Langileak, «baliabide pertsonalak» bat. «Espazioarena moldatuko dugu, baina bikoizketak egiteko edo irakasleen ordezkotzak egiteko pertsonala falta da». Erabaki hartzea eta komunikazioa ere «azken unean» egin zaie.