Ion Izagirrek Frantziako Tourra utzi behar izan du
Frantziako Tourreko 11. etapan erori egin da ormaiztegiarra, eta ospitalera eraman dute, lepa uztaia hautsita izan dezakeelakoan.
Frantziako Tourrari agur esan behar izan dio gaur Ion Izagirre txirrindulari ormaiztegiarrak. 11. etapa jokatzen ari ziren gaur, Chatelaillon-Plage eta Poitiers artean. Proba bukatzeko 30 kilometroren faltan, erorikoa izan du, eta min hartuta gelditu da. Lepa uztaia hautsita izan lezake, eta Poitierseko ospitalera eraman dute, dagozkion azterketak egiteko. Astana taldeak “aparteko lesio larririk ez” duela jakinarazi du.