Normaltasun berriari, musika
Ikastetxeetan bakarrik ez, bestelako eskoletan ere ikasturtea hasi dute, aurrez aurre. Normaltasun berrira egokitzen den protokoloa jarraituz hasi dira Ordiziako musika eskolan
Hasi da ikasturte berria, atletismoan bezala, oztopo lasterketa bailitzan. Hesi guztiak ondo gainditu eta helmugara, azkar baino, ongi iristeko helburuarekin. Ikastetxeak bakarrik ez, akademia desberdinak ere abiatu dira lasterketan, musika eskolak besteak beste. Lasterketari, nomaltasun berriari, alegia, musika jarriko diote.
Ordiziako Musika Eskolan, astelehenean hasi zuten ikasturtea. Presentzialki hasi dira, horrek, momentu honetan suposatzen duenarekin. Oneka Garmendia eta Kati Ormazabal, eskolako irakasleak dira eta oporren buelta nolakoa izaten ari den kontatu dute.
Ikasleekin lehen eguna «beldur pixka batekin» hasi zuela aitortu du Garmendiak, «bakarkako klaseak emateko ikaslearen eta irakaslearen arteko panelak direla eta gainontzeko neurriekin, zer moduz moldatuko ginen, hori zen kezka nagusia». Baina lehenengo klaseak ematen hasi eta «ongi, gustura».
Ormazabalek gehitu du «tentsio puntu batekin» igaro zuela lehen eguna, eta «ikasle berriekin» egon zenean batez ere, gertatzen ari denaz gehiago jabetu zela: «Instrumentuak jotzen hasi berri diren ikasleekin, orain arte, zuzenketa bat egiterako garaian, adibidez okotza ondo kokatzeko edo arnasa ondo hartzen duten konprobatzeko, ikaslearengana gerturatzen ginen, orain ordea, ezin da, eta egia esan, hori nahiko hotza da».
Irakasleek sumatu duten beste gauza bat, klase bat amaitu eta hurrengoa hasi aurretik, eskolako eremu komunean biltzen ziren ikasleen falta da. «Hori ere asko aldatu da, orain, klasera datozen ikasleek kanpoan itxaron behar dute, distantziak mantendu beharko dituzte zain dauden bitartean, eta irakaslea joango da haien bila, klasera batera igotzeko». Ordiziako Barrena jauregiko azken solairuan dago musika eskola. «Sartu eta irteteko, lurrean dauden geziak jarraitu behar dira eta eraikinean beste jarduera batzuk ere badaudenez, jarraitu beharreko protokolo orokor bat dago».
Ohiturak goitik-behera aldatzeko garaiak dira, eta hala segitu du kontatzen Garmendiak: «Banakako klaseetan, ikasleak dakartzan gauzak uzteko mahai bat jarri dugu, eta klasea amaitu eta ikasleak gauzak jasotzen dituenean, aldiro garbitzen dugu, baita lurra eta ukitu dituzten beste gauzak ere».
Taldeekin berriz, aipatutako garbiketa neurriez gain, «gela bakoitzeko ikasle kopurua murriztu egin» dute, «segurtasun tarteak mantentzen dira uneoro eta materiala ezin da partekatu, eskatu zaie arduratsuak izan daitezela, ez bakarrik materialarekin, baita ordutegiarekin ere». Bete beharreko neurri askorekin izanda ere, «baikor» daude, eta ikasturtea hasi berri baino ez bada ere, ikasleek lehen egunetan erakutsi duten jarrerarekin «oso pozik» daude, «indarra ematen du».
Gainera, gogoratu dute jarrera on hori iragan ikasturtean ere ikusi zutela. Iragan ikasturtea erronka handia izan zen, alarma egoera ezarri zen momentutik, ikasle guztiei klaseak ematen jarraitu zuten Internet bidez, hori zerbait guztiz berria zelarik Ordiziako Musika Eskolarentzat, eta hala izanda ere, nota onarekin gainditu zuten proba. «Ez zen erraza izan, baina harro gaude egin genuen lanaz».
Birusa ageri bada
Normaltasun berrian, gauzak okertzen ez diren bitartean, badakite zeintzuk diren jarraibideak. Eta ikasle edo irakasleren batek sintomak baditu edo PCR proban positibo ematen badu, orduan, zer?
Ordiziako Musika Eskolaren protokoloan argitzen da hori. Ikasle bakoitzak hartu beharko du tenperatura, eskolara joan aurretik eta sukarra badu edo gaixotasunaren beste sintoma batzuk baditu, ezingo da eskolara joan. Ezingo da eskolara sartu etxeko isolamenduan dagoen inor, PCR proban positibo ematen badu, testaren emaitzaren zain badago edo positibo eman duen pertsona batekin harremanetan izan bada. Ikasle batek klasean sintomarik badu, familiarekin jarriko dira harremanetan.
Momentuz, ez da halakorik gertatu eta bere horretan segitzea espero dute, baina kasuren bat agertzen bada, «etxetik lan» egingo dute.