San Migel jairik ere ez da izango Lazkaon
Osasun Larrialdi egoera dela eta hartu du erabakia udalak. Herritarrei arduraz jokatu eta elkar babesteko deia egin die.
San Prudentzio jaien bide beretik, San Migel jairik ere ez dute ospatuko aurten Lazkaon. COVID-19ak eragindako Osasun Larrialdi egoerak behartu ditu erabaki hori hartzera; derrigorrezko “hirigiene eta distantzia neurri zorrotzak” ez baitira bateragarriak festetako ekitaldiekin. Hori guztia ikusita, San Migel jairik ere ez ospatzea erabaki du, eta ez du ekitaldirik antolatuko iraileko azken astebururako.
Herritarrei arduraz jokatu eta elkar babesteko deia egin die udalak: “Izan gaitezen arazoaren konponbide eta ez parte. Ez diezaiogun utzi birusari gure herrian zabaltzen, eta kontrolatu ezin den egoera batera eramaten. Gure arduragabekeriak ondorio larriak izan ditzakete gugan eta inguruko pertsonengan. Izan gaitezen zentzudunak, orain arte egin eran, eta joka dezagun tentuz, beranduegi izan baino lehen”.