Maila altuenetako ikasleak izan dira geletara itzuli diren azkenak
DBHko 3. eta 4, mailako ikasleak eta batxilergokoak aste honetan joan dira eskolara. COVID-19ari aurre egiteko protokoloek markatu dute ikasturte hasiera
COVID-19aren garairako Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ezarritako ikasturte berriaren hasiera mailakatuak azken fasea gainditu du, DBHko 3. eta 4. mailetako eta Batxilergoko ikasleen itzulerarekin Lanbide Heziketakoek egutegi propioa dute. Maila altuenetako ikasleak izan dira aurrez aurreko klaseak hasi dituzten azkenak, asteartea eta atzo artean.
Salbuespenak salbuespen, astearteko hezkuntzako langileen grebaren ondoren, eta ikasleen hiru eguneko beste greba bat dagoelako tartean Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko Goierriko ikastetxeetan martxan da maila guztietan 2020-21 ikasturtea, maskarak, eskuak garbitzeko gelak eta termometroak lagun dituztela.
Oianguren, klaseak 15etik
Ordiziako Oianguren institutuko ikasle zaharrenek asteartean hasi zituzten aurrez aurreko klaseak, ohiko aurkezpenak pasa den astean, irailaren 7an egin eta gero. Irakasleen eta gainerako langileen artean deituta zegoen grebak ez zuen ia oihartzunik izan ikastetxe horretan, eta klaseak aurreikusitako egunean bertan hasi zituzten DBHko 3. eta 4. mailetako eta batxilergoko ikasleek.
Baina ikasturte hasiera aurten ez da ohikoa izan, eta COVID-19-ari aurre egiteko protokoloen ondorioz, Ordiziako institutuko ikasleek aldaketa nabarmenekin egin dute topo klasera itzultzerakoan. Hasteko, ordutegi tinkoa izango dute guztiek, goizez bakarrik. Sarrera-irteerak ere moldatu dituzte, eta sartzeko orduan, gelaka ilaratan banatu behar dira eta eskuak garbitu; eraikuntzako lau sarrerak erabilgarri jarri dituzte, gainera. Patiora irteteko orduak ere berrantolatu dituzte, eta txandak ezarri.
Gurutze Puyadena zuzendariak azaldu duenez, horiek ez dira hartu dituzten neurri bakarrak, gehiago ere izan dira, eta besteak beste, eskuak garbitzeko gelaz beteriko espraiak eta ontziak nonahi banatu dituzte ikastetxe barruan, ikasleei gelaz, ordezko maskaraz eta erabilera bakarreko mukizapiez osatutako kita eramateko eskatu diete, komunerako irteerak kontrolatu egiten dituzte eta gela bakoitzeko planoak egin dituzte ikasleen tokiak izen-abizenez zehaztuta. Horrez gain, ikastetxeko arduradunek telefono bat dute gainean beti, ikasle edo irakasleren bat ondoezik jarriz gero bere jarraipena egiteko eta, hala behar izanez gero, isolamenduak prestatzeko.
Hori guztia antolatzea eta martxan jartzea «lan izugarri handia» izan dela dio Puyadenak, «eromena», eta egunetik egunera gauzak alda daitezkeenez, presioa ikaragarria dela. Ardura ere aipatzen du, «gure osasunagatik bakarrik ez, Oiangurenen ikasten eta lan egiten dugun 600 lagunon osasunagatik baizik».
Irakasleak ere kezkatuta daude. Batzuk kexu dira protokoloak ezartzekoan «ezjakintasuna» delako nagusia. Teknologiako irakasleak, esaterako, tailerrak antolatzea oso zaila dela esan du, protokolo guztiak betetzera «ezin iritsi» dabilela.
Ikasleen jarreraz galdetuta, berriz, «arduratsu» jokatzen ari direla esan du Puyadenak, kontzientziatuta datozela, «konfinamendurako gogorik ez dute!». Atzo, patioko orduan ikusitakoa da horren adierazle, talde txikietan banatuta formal asko ikusten zirelako guztiak.
Olazabalen, ikasleek greba
Goierriren ia beste muturrean, Legazpiko Olazabal insitutuan atzo hasi zituzten klaseak DBH 3 eta 4 mailako ikasleek eta Batxilergoko bigarren mailakoek. Ikastetxe honetan, ikasle nagusienen ikasturte hasiera grebak markatu du, hilaren 15erako hezkuntzako langileen artean deituta zegoenak hainbat talderen aurkezpenak bertan behera uztea ekarri zuelako, eta batxilergoko lehen mailakoek Ikasle Sindikatuak deitutako hiru eguneko grebarekin bat egin dutelako eta, beraz, astelehenera arte ez direlako hasiko klasera. Gainerakoak, atzo hasi ziren.
Institutu horrek 170-bat ikasle ditu eta han ere, ikasturte hasiera ezohikoa izan da, COVID-19ari aurre egiteko neurriek eta protokoloek baldintzatu dutelako. Hala ere, Matilde Muñoz zuzendariak azaldu duenez, «gure institutua txikia da, eta antolaketa berria ondo bideratu ahal izan dugu». Olazabalen ere ordutegi tinkoa egingo dute aurrerantzean, eta sarrera eta irteera orduak, baita patiokoak ere, mailakatu egin dituzte ikasle pilaketarik ez sortzeko. Gorputz heziketa eta teknologia klaseetan ere aldaketak egin behar izan dituzte. Muñozek aipatutakoak, ezarri dituzten neurrietako batzuk besterik ez dira, «baina praktikan jarritakoan aldatzen joango dira, urrirako dena finkatuta egongo da seguruenik». Gurasoekin egin behar dituzten bileretan jasotako ekarpenak ere erantsiko dituztela dio.
Hau guztia «korapilatsua» dela aitortu du Muñozek, eta uztailean hasi zirela kasturte berri honen prestaketa lanekin.












