«Berezia da, gure txapelketa delako, artzainon artekoa»
Jose Mari Jauregi eta Elisabeth Gorrotxategi goierritarrek Arabako Ilarduian dute La Leze gaztandegia. Idiazabalen jokatu den Euskal Herriko 37. Artzai Gazta Txapelketa irabazi dute.
Euskal Herriko 37. Artzai Gazta Txapelketa irabazi duzue. Espero al zenuten?
Txapelketa batera joaten zarenean esperantzarekin joaten zara. Ilusio guztia dago gazta horren barruan. Artzain asko gara, denok ari gara lan oso fina eta txukuna egiten eta gogorra izaten da, bakoitzak bere gaztarik onena aurkezten baitu. Finalean geundela esan zigutenean poz handia hartu genuen, guretzat ohore handia da bertan egotea. Azkeneko momentuan emozio handia sortu zen; zure izena entzun arte ez dakizu eta urduritasun handiko momentua da.
Garrantzia handiko txapelketa da Idiazabalgoa. Berezia da?
Txapelketa guztiak dira onak, eta indarra ematen digute gure eguneroko lana egiteko, baina Euskal Herriko txapelketa artzainontzat berezia da, gure txapelketa delako, artzainon artekoa. Hori irabaztea guretzat egon daitekeen onena da.
Nola aukeratzen duzue aurkeztuko duzuen gazta?
Saldu baino lehen dastatu egiten ditugu normalean. Finak eta oso zapore oneko gazta pare bat bagenuen eta Arabako txapelketara bat eraman genuen. Arrail txiki bat agertu zen, eta orduan beste aukera utzi genuen Euskal Herrikorako, orekatua eta ona zela ikusten genuelako.