La Lezeko gazta izan da garaile
Arabako Ilarduiako La Leze gaztandegiko Jose Mari Jauregi eta Elisabeth Gorrotxategi goierritarrek irabazi dute Idiazabalen Euskal Herriko 37. Artzai Gazta txapelketa
Euskal Herriko Artzai Gazta txapelketa jokatu da asteburuan Idiazabalen. 37. edizioa izan da, eta Ilarduia (Araba) herriko La Leze gaztandegiak lortu du lehenengo postua. La Lezeko Jose Mari Jauregi eta Elisabeth Gorrotxategi goierritarrek jaso dute artzai gaztarik onenaren saria. Aurten ez dute Baserritarren Eguna ospatu Idiazabalen.
Arabako sailkatuek lortu dituzte lehenengo hiru postuak aurtengo txapelketan. Izan ere, bigarren postua Galarretako Azkarra gaztandegiarentzat izan da, eta hirugarrena Larreako Patxi Lopez de Uralderentzat. Hego Euskal Herriko 32 artzai gaztek lehiatu dute, Gipuzkoako, Nafarroako, Arabako eta Bizkaiko txapelketetan sailkatutako gaztandegietakoak.
Duela bi aste jokatu zen Arabako Artzai Gazta txapelketa, eta 5. postua lortu zuen La Lezek. Euskal Herriko Txapelketan ere hainbatetan hartu du parte Ilarduiako gaztandegiak, eta hau hirugarren txapela da: «Urtero aurkezten gara txapelketara, eta 2011n eta 2016n irabazi genuen», azaldu du Gorrotxategik. Ia 25 urte dira Goierritik Ilarduira joan eta gaztandegia martxan jarri zutela: «Jose Mariren ama Ilarduiakoa zen eta Jose Mariren asmoa artzain izatea zen; erabakia hartuta, horrela hasi ginen baserri ondoko larreetan».
Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan izan zen txapelketa igande goizean. Jose Mari Uztarroz Idiazabal Jatorri Izendapeneko lehendakariari omenaldia egin zioten, eta COVID-19aren hedapena saihesteko segurtasun neurriak hartu zituen antolakuntzak. Giro lasaia izan zen nagusi, eta hasierako fasea ateak itxita egin zuten. 12:00etatik aurrera publikoa ere sartu zen frontoira. Bestalde, gazta erosteko aukera izan zuten inguratu zirenek, frontoiko sarreran salmenta postua jarri baitzuten.
Aurreneko hamabiak
Laugarren postua Idiazabalgo Gaztañaditxuloko Ander Barandiaranentzat izan da eta, ondoren, Albi, Loperenako Marta Perez, Bengoetxea, Atekoako Angel Linzoain, Premietxeberri, Agiñiga, Beñat Egaña eta Legorretako Olalde sailkatu dira, hurrenez hurren.












