Ordizia Txapeldun Gazta Txapelketa jokatuko da bihar
Euskal Jaietako gazta txapelketako azken hamar urteetako irabazleak lehiatuko dira. Txapelketa udaletxeko areto nagusian egingo dute, ateak itxita.
Azken 10 urteotako Ordiziako Euskal Jaietako gazta txapeldunen artean txapeldunaren bila, Ordizia Txapeldun Gazta Txapelketa egingo dute bihar, asteazkeneroko azokarekin batera. 33. ekitaldia izango da. Ordiziako Idiazabal Gaztaren kofradiak eta Udalak antolatzen dute, Idiazabal Jatorri Izendapenaren laguntzaz.
Aurten lehiatuko dira, 2011 eta 2013ko irabazle Ricardo Remiro Aguirre (Eulate), 2014ko irabazlea Ondarreko Karmele Murua (Segura), 2012 eta 2015ean irabazle izan den Jon Etxebarria (Zeanuri), 2016ko irabazlea izan zen Joseba Insausti (Ordizia), 2017ko irabazlea Jose Luis Odriozola (Aia) eta 2018 eta 2019ko irabazlea, Julen Arburua (S.C. kortaria,Lekaroz) eta berriki txapeldun atera den Patxi Lopez de Uralde (Larrea).
Epaimahai lanetan ohi baino pertsona gutxiago arituko dira: Jose Juan Castillo lehendakari dutela ondorengo lagunek osatuko dutena: Elena Navarro (Kostalde jatetxea, Donostia) sukaldaria JAKITEA elkartearen ordezkaritzan, Victoria Urresti eta Patxi Perez Elortondo (Idiazabal Jatorri Izendapeneko teknikariak) eta Eli Belaunzaran (El Diario Vascoko kazetaria).
Udaletxeko aretoan
COVID-19ak hala behartuta, aldaketa askorekin dator aurtengo ekitaldia. Ordiziako udaletxeko arkupeetan egin partez, udaletxeko areto nagusian egingo dute, 11:00etan hasita, eta segurtasun neurri bereziak jasotzen dituen araudiarekin, ateak itxita eta une oro segurtasun distantziak gordeko dira eta musukoen erabilpena nahitaezkoa izango da.