Beste 44 positibo kasu atzeman dituzte Goierrin
Azken egunetako goranzko joera ez da baretu. Ordizian, Zaldibian eta Beasainen gorantz jarraitzen du kasu kopuruak. Zegaman, Zumarragan, Urretxun eta Legorretan ere badira positibo berriak.
Asteburuan utzitako datu beltzen ondoren, gaur ere ez du beheranzko joerarik erakusten COVID-19aren datu kopuruak. Beste 44 kasu atzeman dituzte azken 24 orduetan, Osasun Sailaren gaurko txostenaren arabera. Ordizian (11) eta Zaldibian (11) daude kasu berririk gehienak, eta Beasainen (8) ere gorantz jarraitzen du. Zegaman (5), Zumarragan (5), Urretxun (3) eta Legorretan (1) daude gainontzeko kasuak.
Martxoan koronabirusaren osasun krisia hasi zenetik hona, 1.218 positibo kasu agertu dira guztira Goierrin.
Kezka zabaldu da hainbat herritan
Goierriko herrietan momentuz ez dute baheketa edo proba masiborik egiteko erabakirik hartu, hala ere, udalak adi daude datuen garapenak zein joera izan dezakeen. Beasain izan da azken egunetan igoerarik handiena izan duen herrietako bat. Aitor Aldasoro alkatea “kezkatuta” agertu da, eta bere ustez, “birplanteatu egin behar ditugu gure jokamoldeak zeintzuk diren”. Ordizia eta Zegama izan dira azken egunetan datuetan gorakada handia izan duten beste herrietako batzuk. Beasaingo eta Goierriko hainbat ikastetxetan bizi den egoera ere gertutik zaintzen ari dira udalak eta Osasun Saileko arduradunak, hainbat ikasgela itxi behar izan baitituzte azken asteetan, eta dozenaka ikasle daude etxean konfinatuta edo PCR probak egiteko zain.
Zaldibian, astebeteko epean 12 kasu berri agertu direla eta, udalak “herriko kasuen inguruko lehen azterketa azkarra” egin duela azaldu du. Kasu berrien inguruko informazio guztia bildu nahian ari da udala, eta positibo eman edo PCR probaren bat egin behar duten herritarrei, udalarekin harremanetan jartzeko eskatu die, besteak beste, hondakinen kudeaketa berezitua martxan jartzeko. Bestalde, “etxeko eta hurbileneko harremanak zaindu” behar dituztela gogorarazi diete herritarrei.
Gaur | Denera: | |
Altzaga | 0 | 1 |
Arama | 0 | 6 |
Ataun | 0 | 8 |
Beasain | 8 | 226 (+8) |
Ezkio eta Itsaso | 0 | 8 |
Gabiria | 0 | 5 |
Gaintza | 0 | 3 |
Idiazabal | 0 | 13 |
Itsasondo | 0 | 15 |
Lazkao | 0 | 68 |
Legazpi | 0 | 105 |
Legorreta | 1 | 40 (+1) |
Mutiloa | 0 | 5 |
Olaberria | 0 | 4 |
Ordizia | 11 | 295 (+11) |
Ormaiztegi | 0 | 14 |
Segura | 0 | 16 |
Urretxu | 3 | 98 (+3) |
Zaldibia | 11 | 32 (+11) |
Zerain | 0 | 1 |
Zegama | 5 | 64 (+5) |
Zumarraga | 5 | 191 (+5) |
GOIERRI | 44 | 1.218 (+44) |