DV-Bankoa pilota txapelketako kanporaketa jokatuko da Legazpin
Urbeltz pilotalekuak txapelketako bi partida hartuko ditu bihar, promesa eta senior mailakoak. Legazpiko Gazteak kirol elkarte antolatzaileak neurri zorrotzak hartu ditu pilotazaleek "ikuskizunaz segurtasun osoz" goza dezaten.
Pilota partidak izango dira berriz ere asteburuan Urbeltz pilotalekuan, Legazpiko Gazteak kirol elkartearen laguntzaz, DV-Bankoa txapelketako kanporaketa jokatuko delako. Hitzordua ostiralean da, hilak 16, 20:00etan. Bi partida jokatuko dira: promesen mailan, Fernandez eta Zubeldia, Emaldi eta Etxebarria IIaren aurka neurtuko dira, eta senior mailan, Murua eta J. Alberdi, Sarasa eta Irazustabarrenaren aurka. Sarrera doan izango da.
COVID-19a dela eta, antolatzaileek hainbat neurri hartuko dituzte ikusle eta parte hartzaile guztien segurtasuna bermatzeko, lehena, pilotalekuaren edukiera mugatzea. 160 ikusle sartuko dira bakarrik, eta eserlekuen artean segurtasun tarteak gordeko dira. Sarrera eta irteerak ate desberdinetatik egingo dira, eta sartzean, guztiei tenperatura hartu eta eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzeko eskatuko zaie. Musukoa, berriz, derrigorrezkoa izango da uneoro. Eta jende pilaketak saihesteko, partidetan egin ohi izan diren zozketak ez dira egingo.
Legazpiko Gazteak kirol elkarteak pilotazaleei Urbeltzera “ikuskizunaz segurtasun osoz gozatzera” joateko gonbidapena luzatu die.