Iparra-Hegoa, mugen gainetik
Martxoko jaialdia bertan behera geratu arren, ekitaldiekin jarraituko dute Seguran. Hilean behin antolatuko dute ekintza bat, igandeko bertso saioarekin hasita
Martxoaren 23tik 29ra Seguran egitekoa zen Iparra-Hegoa bertan behera geratu zen pandemiaren eraginez, eta airean geratu zen kultur topaketa horren 25. edizioaren barruan antolatutako egitarau zabala. Hilabete batzuk beranduago, formatoa erabat aldatuta eta COVID-19ak markatzen duen erritmora egokituta, Euskal Herriaren iparraldearen eta hegoaldearen arteko harremana bultzatzeko helburua duen jaialdia bueltan da.
Igandean Baratze pilotalekuan iparraldeko eta hegoaldeko bertsolariek egingo duten saioak irekiko du Iparra-Hegoa alternatibo honen egitaraua. Formatua ezin delako mantendu, aurretik prestatuta zegoen guztia alboratu eta ekitaldi berriak antolatzen joango dira talde eragilekoak, hilean behin bat ahal bada. Hasierako bertso saio hau helduei zuzenduta dagoenez, hurrengo hileko ekitaldia haurrentzako izango da.
Hileroko hitzordu horietan diziplina desberdinak lantzeko asmoa dute, «herritarrei kulturarako eta aisialdirako aukerak emanez», talde antolatzaileko kide den Idoia Lopetegik azaldu duenez, eta aldi berean, «kultur munduan ari diren profesionalei espazio bat eskainiz». Hori guztia, «lurraldetasun ikuspegitik» landuko dute.
Programazio berrian formato digitalari buruzko hausnarketa ere ireki dute, pandemiaren ondoriozko egoerak horretara bultzatuta.
Jaialdiaren 25. urteurrena
Iparra-Hegoa jaialdiak 25 urte betetzen zituen eta martxoko konfinamendua eta geldialdia iritsi aurretik, hasiak ziren urteurren garrantzitsu hori ospatzen. «Larresoron eman genien hasiera ospakizunei», gogoratu du Lopetegik; Iparra-Hegoa eguna egin zuten Lapurdiko herrian otsailaren 15ean. Handik aurrerakoak eten egin ziren, eta pandemiak markatuko du datorrena, egoera honetan «bi estatuen menpe egoteak iparraren eta hegoaren arteko mugak areagotu» dituen bezala. Mugak arintzea da orain helburua.