Txapeldunen artean txapelduna izan da Zeanuriko Ipiñaburu
Urrezko gaztarekin eskuan, «oso pozik» agertu zirenZeanuriko Ipiñaburu gaztandegiko Puy Arrieta eta Jon Etxebarria. Ordizia Txapeldun Gazta Txapelketa jokatu zen atzo Ordiziako udaletxean, eta Arrieta eta Etxeberriak aurkeztu zituzten bi gaztekin (2012 eta 2015 Euskal Jaietako txapelketan irabazle izan ziren), lehen eta bigarren sariak lortu zituzten. Hori bakarrik ez, lehen postuan geratu zen gaztak, 9,15eko puntuazioa jaso zuenez, garaikur preziatua ere eraman zuten etxera, urrezko gazta, alegia. Hirugarren saria, Lekarozko (Nafarroa) Kortariko Infernuko Gasnarentzat izan zen.
Ordizia Txapeldun txapelketan Ordiziako Euskal Jaietako azken hamar urteetako irabazleek parte hartzen dute, beraz, txapeldunen artean txapelduna izendatzen da.
Data seinalatua
Saria jaso ondoren Ipiñaburukoek azaldu zuten «udaberriko gaztak» zirela txapelketara eramandakoak, «gazta oso krematsuak» zirela. Baina horrez gain beste berezitasun bat ere bazuten: «Gazta guztiek ekoizpen data dute eta gazta irabazlea maiatzaren 11koa da». Egun horretan «ospatzen dituzte urteak gure iloba zaharrenak, Naiak, eta haren amak, Silbiak». Etxera iritsi eta «ospakizun bikoitza» egiteko moduan beraz.













