Udalak ateratako 3-K eta On Egin bonuen balorazio gazi-gozoa
Merkatariak eta zerbitzu enpresak laguntzeko bonuei esker 670.066 euroko erosketak egin dira. On Egin kanpainak erantzun eskasa izan du ostalarien artean
COVID-19ak eragindako kalte ekonomikoak arintzeko helburuz, herriko merkatariei eta ostalariei laguntzeko 3-K eta On Egin bonuen balorazio gazi-gozoa egin du Legazpiko Udalak. Koldobike Olabide alkateak eta Erik Galvez zinegotziak bi kanpainen emaitzen berri ematean, udalak izendatutako 112.000 euroko kopurua ez dela agortu jakinarazi dute, eta On Egin kanpainak erantzun eskasa izan duela nabarmendu dute.
Bi kanpainak ekainean, uztailean eta abuztuan burutu dira, 100.000 euroko aurrekontuarekin merkatariei eta zerbitzu alorreko enpresei zuzendutako 3-K, eta 12.000 eurorekin ostalariei zuzendutako On Egin.
Bonuak eta salmentak
319 zerbitzu enpresa eta komertzio zeuden gonbidatuta 3-K kanpainan parte hartzera. 68k parte hartu dute, guztira 75.840 euroko balioa zuten bonuak erabiliz; 670.066 euroko erosketak egin dira bonu horiei esker.
Ostalaritzarako On Egin bonuek bestelako erantzuna izan dute, parte har zezaketen 25 establezimenduetatik hiruk bakarrik parte hartu dutelako. 1.780 euroko bonuak erabili dituzte, eta horien ondorioz 4.733 euroko salmentak egin dituzte. Sektore honekin «ez dugu asmatu», aitortu du Galvez zinegotziak.
Balorazio baikorragoa egin du Galvezek laguntzen tramitazioaren inguruan, bonuen dirua ordaintzeko epea hamar egunekoa izango zela aurreikusi bazuen ere, udalak batez beste lau egun behar izan dituelako.
Bi kanpaina horien emaitzen barruan, udal langileen dedikazioa ere sartu zuten, 9.892 eurokoa. Beste 3.744 euro ere gastatu zituzten kartelak eta bonuak egiten, eta informazioa banatzen.
Jaurlaritzaren kanpaina
Eusko Jaurlaritzak beste kanpaina bat jarriko du martxan urriaren 28an, tokiko merkataritzan eta ostalaritzan gastatzeko bonuak kaleratuz. Bonuak euskaditurismobono.eus webgunean erosi ahal izango dira.