Azoka ere, gizartearen animoaren isla
Udazken bete-beteko azoka izan zen atzo Ordiziakoa: onddo asko eta lehen usoak eta kiwiak. Hala ere, haizeak errespetatu zuen, jende askorik gabeko atzoko feria.
Epel eta uste zitekeena baina lasaiago. Joan zen astean aipatzen genuen euria ez zela feria lagun ona, haizea ez da hobea. Bolada bortitzak izan ziren asteartetik asteazkenerako gauean eta batzuk baserri bideak itxita aurkitu zituzten goizean, etortzea galaraziz edota berandutzea eraginez.
Produktuei begira jarriz, on-ddo aukera handia. Horrek erakarrita jende askoko feriak izan ohi dira garai honetakoak, atzo ez zen halako mugimendurik izan. «Triste dabil jendea, beldurtuta» esaldia aho batez entzuten zaie saltzaileei. Ez da bere onera etorri giroa martxoaz geroztik. Justu oraintxe urte bete egingo dute Ordiziara etortzen hasi zirela Iñaki Intxausti zeraindarrak barazkiekin eta Beñat Telleria mutiloarrak behi gaztekin. «5 hilabetez bakarrik bizi izan ditugu merkatu normalak, oso ondo hasi ginen ilusio handiz eta salmenta politekin eta martxoaz geroztik, ez dio bueltarik eman». Onddoa ez ezik, esnegorriak, mendiko angulak, gorringoak aukeran. Eta horien artean Lasatarren postuan garaiko lehen usoak 8 euroan pieza, 12 salgai.
Atzo postu bakarrean ikusi genuen, Baliarraingo Irabiazpikoak ziren 3 euroan kiloa, eta mizpira kaxa ondoan. Biak ala biak oraindik ere gogorrak. «Izotza hasi aurretik bildu behar dira kiwiak eta haizete handi hauek bota baino lehen ere jasotzea komeni, orain zabal-zabalean eduki eta ondu ahala jan», zioen Edurne Jauregik.
Loreen edertasuna
Santu Guztien eguna hurbiltzen ari denekoa garbi ikusten da lore postuetan. Hasi dira enkarguak jasotzen Aramako M. Dolores Mendizabal eta Zaldibiako Azanza anaiak. Lore freskoekin ari dira eta moztuekin ere bai aramarra. Oso aukera zabala dute. Zentroei dagokienez 38 euroz geroztik 113 artekoak aurkeztu dituzte. Eta loreetan oso aukera zabala: ziklamena, txilarra, azalea, kalantxoe, zuhaixka ezberdinak freskoen artean eta liliuma, larrosa, gladioloa, panikulata, krisantemoa, krabelina dira erabilienak zentroak egiteko. Datorren astean izango dute esku bete lan eta feriari dagokionez enkarguak egiteko aukera izango da oraindik.
Goen plazan bi postu izango dira hemendik aurrera. Astero izan ohi den bakailao saltzaileaz gain, Valentziako Costa laranja saltzailea hasi baita aurtengo lehen laranja eta mandarinekin.