Udalak 3.800 euroko diru laguntzak eman ditu eskola materialerako
Eskola materiala eta ekipo informatikoak erosteko kaleratutako diru laguntzekin 3.800 euro banatu ditu Legazpiko Udalak. Laguntza horien ondorioz, 8.700 euroko balioko salmentak bultzatu ditu. Herriko familiei laguntzea eta tokiko merkataritzan kontsumoa sustatzea dira diru laguntza horien helburua, eta pandemiak sortutako testuinguru sozial eta ekonomikoan kaleratu ditu udalak.
Guztira 31 eskaera jaso ditu udalak, baina 24 onartu ditu; horietatik, 17 eskaera eskola materiala erosteko izan dira, bakarra ekipo informatikoa erosteko, eta beste sei bi kontzeptuetarako. Batez beste 185 euro banatu ditu udalak familia bakoitzeko, 300 eurokoa izan da laguntza handiena, eta 70 eurokoa txikiena.
Diru laguntza kanpaina oraindik indarrean dago, eta urriaren 30era arte egin daitezke eskaerak udaletxean.
Euskara zerbitzukoak
Euskara zerbitzuak kaleratutako diru laguntzak eskatzeko epea ere urriaren 30ean amaituko da. Barnetegietara, herritik kanpoko euskaltegietara eta Udako Euskal Unibertsitatera edo euskararen normalizazioarekin zerikusia duten bestelako ikastaroetara doazen herritarrei zuzendutako laguntzak dira. Erro- tuluak, irudi korporatiboa eta webgunea euskaraz jartzen dituztenentzako ere badira.













