Osakidetzako langileen mobilizazioak
Kalitatezko osasun publiko baten aldeko greba eguna egin dute Osakidetzako Gipuzkoako langileek. Elkarretaratzeak egin dituzte Beasaingo eta Zumarragako osasun zentroetan.
Osakidetzako langileak greba egiten ari dira, kalitatezko eta eskubidedun osasun publiko baten alde. Urriaren 29an Araban egin zuten eta atzo Gipuzkoan. Bizkaikoa datorren ostegunean izango da.
Sindikatuen arabera, osasun publikoak egoera larria bizi du eta Osasun Sailak ez die arazo hauei erantzunik ematen. Sindikatuek Osakidetzaren aurrekontua handitzea, langile kopurua handitzea, behin-behineko langileak finko egitea, murrizketen aurreko egoerara itzultzea, pribatizatutako zerbitzuak berriro publiko egitea eta langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea eskatu dute.
Atzo goizean kontzentrazioak egin zituzten Beasaingo eta Zumarragako anbulatorioan eta Zumarragako ospitalean eta asteazkenean osasun zentro guztietan egingo dituzte.
Bestalde, Eusko Legebiltzarreko Osasun batzordean Zumarragako Etengabeko Arreta Gunearen (EAG) inguruan eztabaidatu zuten, EH Bilduk eskatuta. Gehiengoa alde azalduz gero, Osasun sailari EAG lehenbailehen irekitzeko eskatu behar zioten, baina EAJ eta PSE-EEk aurka bozkatu zuten.













