Legazpiarrak kalean, ostalariei babesa eskaintzeko
Eusko Jaurlaritzak indarrean jarritako neurri berriek zuzenki eragin die herriko tabernari eta sukaldariei. Azaroan zehar ezingo dute eguneroko jarduerarekin jarraitu, etxez etxeko banaketa zerbitzua soilik dago baimenduta.
Elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Legazpiko ostalariek, bizitzen ari diren larrialdi egoera salatzeko. Euskalherria Enparantza plazara gerturatu dira tabernariak zein gainerako herritarrak babesa erakusteko asmoz. 18:30etan bildu dira sektorea pairatzen ari den egoera ezegonkorraz kexu direnak, “ostalaritza aurrera” lemapean. Herriko ostalariek, babes neurriak behar bezala hartu dituztela argudiatuta, bidegabetzat jo dute taberna oro ixteko agindua. Horrez gain, garraio publikoan, ostalaritzan ez bezala, jende pilaketak saihesteko neurririk ez hartu izana ulergaitzat hartzen dutela nabarmendu dute. Gainera, Eusko Jaurlaritzak debekua egun batetik bestera iragartzea agerian jarri dute. Amaitzeko, txalo zaparrada baten bitartez itxi dute ekitaldia: