Diru laguntzak berandu onartu izanaren errua leporatzen dio EAJk EH Bilduri
Legazpiko EAJk kaleratutako ohar batean, EH Bilduri leporatu dio udalaren diru laguntzak berandu onartu izanaren errua.
Udaleko gobernu taldeak udal tasetan eta zergetan hainbat hobari proposatu zituen, COVID-19aren ondorioz udalerrian itxi behar izan ziren jarduerei zuzenduta. Proposamena uztaileko udalbatzara eraman zuten, eta onartua izan zen EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin, EH Bilduren kontrako botoarekin eta Berdeak taldearen abstentzioarekin.
Zabor bilketaren tasarako proposatutako hobariak eragin zuen, EAJren esanetan, EH Bilduren kontrako botoa, 2020ko bigarren seihilekorako proposatutako %75eko hobariak, hain zuzen ere. EH Bilduk %100ekoa izatea eskatu zuen, eta alegazioa aurkeztu zuen uztaileko udalbatzak hartutako erabakiaren aurka. Alegazio horrek ekarri du EAJren esanetan hobari horren eta gainerako hobarien aplikazioan atzerapena, gaia berriz ere udalbatzara eraman behar izan dutelako. Azkenik, urriaren 28ko bilkuran bozkatu zen berriz ere proposamena, eta onartua izan zen EAJren aldeko botoekin, Berdeak-en abstentzioarekin eta EH Bilduren kontrako botoarekin. PSE-EEko ordezkaria ez zen bilerara joan.
«Orain bai», dio EAJk oharrean, «orain aplikatu ahal izango dira hobariak».













