Aske bizitzeko gonbitearekin dator 'Esnatu naiz' kabareta
Andoni Mutiloak 'Esnatu naiz' kabaret ikuskizuna egingo du larunbatean, Legorretako Herri Antzokian. Abenduan, beste hiru herritan ere izango da.
LGTBI harrotasunaren gaiaren inguruko kontzientziazioa lantzeko helburuarekin, Legorretako Udalak Andoni Mutiloaren Esnatu naiz kabareta antolatu du Herri Antzokian, datorren azaroaren 14rako, larunbata, arratsaldeko 19:00etan.
Esnatu Naiz antzerkia, dantza eta musika nahasten dituen showa da. Identitatea, giza-harremanak eta sexualitatea ditu hizpide, besteak beste, baina batez ere, norbanakoaren nortasunarekin bat egin eta aske bizitzeko gonbitea egiten du.
Sarrerak aldez aurretik
COVID-19aren eraginez, ikuskizunaz gozatu ahal izateko, sarrerak aldez aurretik eskuratzea komeni da, plazak mugatuak izango baitira, 38 ikusle gehienez ere. Sarrera dohakoa izango da. Ikuskizunera joan ahal izateko, beraz, aurrez izena eman behar da, Legorretako Kultur Etxera telefonoz deituta (943 085 050) edo Internet bidez, kultura.legorreta@euskalnet.net epostara idatzita. Kioskoan ere izena eman daiteke.
Abenduan, beste hiru herritan
Andoni Mutiloaren Esnatu Naiz kabareta beste hainbat herritan ere ikusi ahal izango da. Abenduan, beste hiru saio egingo ditu Goierrin: Seguran (4an), Ezkion (5ean) eta Ordizian (11n).