Bertatik bertara oinez, zubi koloretsuak eraikiz
Ordiziatik abiatuta ibilaldia antolatu du Ordizia Kolorek. Ordizia inguruan dauden paisaiak ezagutzea eta jatorri desberdinetako herritarren artean zubiak eraikitzen jarraitzea da helburua.
Eguneroko erreboluzioak jaistea lortu, eta bai gorputza, bai burua beste erritmo motelago batean jarrita, inguruko parajeetan barrena ibilaldia egiteak, xarma handia izan dezake. Udazkena, urtero paregabea da horretarako, batik bat, eguraldia lagun bada. Udaberri eta uda aldeko berde biziak, gorri, laranja eta hori bihurtzen dira, begientzat opari diren ikuspegiak sortuz. Negua igarotzeko fruituak jasotzen ari den urtxintxaren batekin topo egitea ere bada. Eta zerura begiratuz gero, hego haizeak deituta, goxotasun bila hegan doazen hegaztiak ikusi. Denboraldiko produktuen zaleen artean hain preziatuak diren onddoak eta beste perretxiko batzuk ere ageri dira urtaro honetan, zuhaitzetatik erori berri diren hostoen artean.
Urrutira joan gabe, bertatik bertara dauden tokietan galtzea da klabea, eta horren guztiaren bila abiatuko dira, Ordizia Koloreko lagunak, asteburuan. Izan ere, azaroan egin ohi dituzten ekintzak egingo ez dituztenez, Ordiziako inguruak ezagutzeko ibilaldia antolatu dute. COVID-19aren garai hauetan, «alternatiba bat» bilatu nahian antolatu dute.
Espazio seguruena aukeran
Ordizia Kolore, kulturen arteko topagunea, jatorri, adin eta sexu ezberdinetako ordiziarren artean zubiak eraikitzeko espazio bat da, eta larunbatean egingo duten ibilaldiarekin, jatorri ezberdina duten herritarren arteko elkarbizitza sustatzen jarraitu nahi dute. Antolatu duten ibilaldia, beraz, gertuko natur ingurune ederrak ezagutzeko, baina zubiak eraikitzen jarraitzeko ere baliatuko dute, COVID-19ai ritsi zenetik, harremantzeko hainbeste muga daudenez, «espazio seguruenak erabiliz».
Ordizia inguruko oinezkoen bideak eta basoak igarotzeko oinetako aproposak jantzita, Zuhaizti ingurutik abiatuko dira, 16:30ean, taldetxoak antolatu eta gero. Arama aldera, Oiangu parke aldera,…aukera desberdinak dituzte, «guztiak onak eta interesgarriak, baina eguraldiaren arabera azken momentura arte itxarongo dugu zehazteko». Sorpresa izango da beraz larunbateko plana.













