CAFek Europatik 10 milioi euro jasoko ditu tren jasangarriagoak garatzeko
Europar Batasuna CAFek gidatzen duen FCH2RAIL kontsortzioa aukeratu du hidrogenozko trena garatzeko. 22 tranbia modulo eraikitzeko eskariak jaso dituela ere iragarri dute
Europako Batzordeak CAFi esleitu dio hidrogenozko trenaren prototipoa garatzeko ardura. 10 milioi euroko diru-laguntza jasoko du horretarako, proiektuaren aurrekontuaren %70a. Diesel bidezko trenak aukera jasangarriagoarekin ordezkatzea da helburua, baina potentziarik galdu gabe.
Renferen Civia serieari hidrogeno-piletetatik eta LTO baterietatik eratorritako sistema instalatuko diote, orain arteko sistema elektrikoa alboratu gabe. Hala, trena hibridoa bilakatuko da: azpiegitura elektrifikatuetan argindarrarekin mugituko da eta katenariarik gabeko zatietan hidrogenoari esker. Europako trenbide sarearen erdia ez dago elektrifikatuta eta bide horietatik erregai fosilak behar dituzten trenak ibiltzen dira.
Hidrogenoa erregai garbia eta efizientea da. CAFek bere aldeko apustu garbia egin du, Solaris autobus konpainia filialak jada ekoizten baititu hidrogenozko unitateak. Orain tren mundura ere eraman nahi dute joera. Hidrogenozko erregaiak, ordea, ez daude behar bezain beste garatuak eta petroliotik eratorritakoak baino garestiagoak dira.
Halaber, CAFek Europako tren arloko arau berriak idatzi beharko dituzte eta zaharrak eguneratu.
Europatik datoz eskariak
CAFek 22 tranbia unitate eraikiko ditu, hamazazpi Flandriarako eta bost Utrecht-erako (Herbehereak). Beasainko konpainiak iragarri du lanen guztizko zenbatekoa 45 milioi eurokoa izango dela.
Belgikak, Herbehereak eta Luxenburgok osatzen duten Benelux ingurua CAFentzat emankorra da, azken urteetan kontratu ugari lortu baititu inguru horretan. Esaterako, oraingo eskaria egin dioten De Lijn operadore flandriarra eta Utrecht administrazioa publikoa CAFentzat bezero ezagunak dira: De Linjekin 146 tranbia arteko hitzarmena sinatu zuen 2017an, eta oraingo hauekin 88 eginak izango dituzte; Utretchen, berriz, CAFek ekoitzitako 49 unitate jada martxan dabiltza.
Valentzian ere, lanak
CAFek Valentziako aldiriko sareko segurtasun instalazioak berritzeko eta hobetzeko eskaria jaso du. Beasaingo enpresak lanen zenbatekoa 20 milioi ingurukoa izango dela iragarri du. Lanak Signalling filialak gauzatuko ditu.
Egin beharrekoa zera da: Silla eta Cullera arteko zatian Blokeo Automatiko Banalizatuko sistema ezartzeko egin beharreko egokitzapen lanak egitea gerora BAB sistema jartzeko; Cullera eta Gandia artean, berriz, segurtasun instalazioa erabat berrituko dute. Seinaleak, ardatzen kontagailuen bidezko detekzio-sistemak eta trenak babesteko instalazioak jarriko dituzte.